Ingelesa atzerriko hizkuntza gisa jakitea arlo akademikoan eta profesionalean oso garrantzitsua dela erakutsi da espainiar testuinguruan. Hala ere, nahiz eta ikasle gehienak ingelesa 4 urterekin ikasten hasi ohi diren, kezka handia dago oraindik ere lortzen den mailari dagokionez. Bigarren hizkuntzaren ikaskuntzaren kasuan, literatura zientifikoak azpimarratu du, askotan, irakasleek edo ikasle trebatuek monopolizatzen dituztela eskolak, bikote- eta talde-lana hizkuntza ikasteko onuragarriagoa den arren.

Hartara, Zubiri-Esnaola eta kideek ingelesa ikasteko talde elkarreragileen erabilera aztertu dute. Izan ere, ikasgela antolatzeko modu horrek ikasle guztientzako aukera eta emaitza onak eskaintzen dituela erakutsi da. Konkretuki, jakin nahi zuten ea talde elkarreragileek ikasle guztien parte-hartzea susta zezaketen, bigarren hizkuntza ikastea ahalbidetzen duten elkarrekintza dialogikoen bidez. Horretarako, ikasle barruko behaketak eta elkarrizketak egin zituzten ezaugarri hauek zituzten eskoletan: maila sozioekonomiko baxua, emaitza onak, ikasle immigranteen ehuneko altua (% 50 baino gehiago), talde elkarreragileak kontsolidatuta egotea eta ikas komunitatea izatea. Espainiako hiru eskolatako hiru ikasgelatan egin ziren behaketak eta elkarrizketak.

Emaitzen artean, ikusi zen ikasle guztiak banatu zirela talde txikietan, era heterogeneoan, boluntario batekin talde bakoitzean. Nahiz eta ingeles-maila ezberdinak izan, ikasle guztiek modu aktiboan parte hartzen zutela antzeman zen. Ikasleren bat galduta bazegoen, gainerakoek laguntzen zioten, edota boluntarioak laguntzera animatzen zituen. 

Bestalde, ikertzaileek ondorioztatu zuten, taldeak maila eta jarrera kontuan hartuta heterogeneoak zirenez, dibertsitatea baliabide gisa erabiltzen zela, elkarrekintza dialogiko gehiago sortzeko. Gehien zekiten ikasleak arazo gehien zituztenekin batera jartzean, haien arteko aldamiajea sortzeko aukera zeukaten. Horrela, guztiek ikasten zuten gehiago: alde batetik, gehien zekitenek hobeto ulertzen zutela sentitzen zuten; bestetik, arazo gehien zutenek haien kideen laguntza jasotzen zuten.

Irakaslearen papera garrantzitsutzat jo zuten ikertzaileek. Izan ere, haren ardura zen taldeak era heterogeneoan antolatzea, ariketak prestatzea eta boluntarioei lehenago ematea (prestatzeko denbora izan zezaten). Gainera, baieztatu zen talde elkarreragileak arrakastatsuak izateko boluntarioak ezinbestekoak direla, moderatzailearen rola egiten baitute, eta guztiek elkarri laguntza ematen diotela ziurtatu.

Azkenik, elkarrizketek eta behaketek erakutsi zuten ikasleek, boluntarioek eta irakasleek ikasle guztiekiko espektatibak handiagotu zituztela. Hala, ikerketaren emaitzen arabera, talde elkarreragileek bigarren hizkuntzaren ikasketan guztien parte-hartzea sustatu, elkartasun- eta kolaborazio-interakzioak areagotu eta ikasle guztien ikasketa-itxaropenak handiagotu ditzakete.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

Loading