Emakume ijitoek opresio hirukoitza jasaten dute: emakume izateagatik, ijito izateagatik eta hezkuntza formaleko maila baxua izateagatik, askotan analfabetismoari loturikoa. Feminismo ijitoak opresio horren kateak apurtzea bilatzen du, emakume ijitoak erdialdean kokatuz eta aldaketaren protagonista eginez.
Emilia Aiello eta kideek Drom Kotar Mestipen (“askatasunaren bidea”) Emakume Ijitoen Elkarteak antolatzen dituen tertulia dialogikoak aztertu dituzte. Elkartea 1999an sortu zen Katalunian, adin, maila sozioekonomiko eta ibilbide akademiko eta profesional anitzeko emakume ijito eta ez-ijitoen eskutik.
Tertulia horiek Katalunia osoan zehar egiten dira, populazio ijito handia dagoen auzoetan, normalean eskola publikoetan. Modu horretan, eskuragarriagoak dira komunitateko emakumeentzat. Emakume ijito ez-akademikoek jardunaldiaren antolakuntzan parte hartzen dute, eta, horrela, komunitateko lider bihurtzen dira eta inplikazio-maila izugarri handitzen dute.
Akademikoki eta profesionalki arrakastatsuak diren emakume ijitoak ere gonbidatzen dira, eta horiek haien esperientziak kontatzen dituzte, tertulian parte hartzen duten emakumeentzat eredu baitira. Helburua emakumeek ikastearekiko dituzten aurreiritziak suntsitzea da, eta haiek ere ikasteko eta arrakastatsu izateko aukera eta gaitasuna dutela ikustea. Izan ere, ikasle ijitoak errendimendu txikiko ikasketetara bideratzea oraindik ere oso ohiko praktika da Espainia eta Europa osoan.
Tertulietan, beraz, kultura ijitoaz harro egotea eta hezkuntza formalari modu arrakastatsuan ekitea ederki konbinatu daitezkeela erakusten da. Kalitate oneko hezkuntza jasotzeak emakume ijitoei eta haien komunitateei mundua hobeto kudeatzeko tresnak ematen dizkie. Horren bidez, haien ahotsak gizarte-espazio publikoetan entzunak izatea lor dezakete.
Antolatutako tertulietan, berdintasunetik eraikitako interakzio dialogikoak dira gakoa. Aurkezten diren narratibak bi elementutan oinarritzen dira: alde batetik, kultura ijitoaren elementuetan eta horiek emakumeentzat duten esanahian (familiaren garrantzia, zaharrekiko errespetua, amatasuna etab.) eta, beste aldetik, emakume ijitoen ahalduntzean, tradizionalki baztertuta mantendu dituzten espazioetan parte har dezaten.
Ebidentziek dialogikoa den feminismoa behar dela erakusten dute, emakume guztiak barne hartzen dituena. Estereotipoak suntsitu beharra dago, eta, ijitoei dagokienez, ikerketa beraiekin egin behar dela argi gelditzen da, eta ez beraiei buruz.
Egilea: Beatriz Azurmendi