Tertulia dialogikoak 1978. urtean jaio ziren La Verneda-Sant Martí-ko Pertsona Helduen Eskolan, Bartzelonan. Esperientzia horretatik, tertulia dialogikoak beste hainbat lekutara hedatu ziren. CONFAPEA (Confederación de Federaciones y Asociaciones Culturales Educativas por la educación democrática de personas adultas) elkarteak, tertulia dialogikoen hedapenaren bidean, “1001 tertulia literario dialogiko” egotea amestu zuen. Bada, zenbaki hori duela asko gainditu da, eta hazi bakarrik ez da egiten ari.
Horren froga argia izan zen joan den irailaren 30ean gertatu zena: Latinoamerikako Tertulia Dialogikoen lehen topaketa. Latinoamerikako Ikas Komunitateen sareak eta Instituto Naturak antolatutako ekitaldian, mundu osoko 1.500 pertsona batu ziren. Lehenik eta behin, Ramón Flechak, Tertulia Dialogikoen Sortzaileak, hitzaldia eman zuen tertulia dialogikoen bidez lortutako transformazioei buruz. Geroago, hainbat jarduera egon ziren aukeran, hala nola tertulia dialogiko bi (bat literarioa, eta bestea pedagogikoa) eta bi mahai tematiko (bat tertulien inpaktuari buruzko testigantzekin, eta bestea politikak emandako bultzakadari buruzkoa).
Arratsalde hori pertsona askorentzat egun historikoa eta berezia izan zen, duela hainbeste amestutakoa egia bihurtu eta, are gehiago, imajinatu ezin ziren beste amets asko ere lortu zirelako. Beste hainbat sorpresaren artean, Latinoamerikako Tertulia Dialogikoen webgunea aurkeztu zen.
Kaieran, parte hartu zuten hainbat pertsonaren testigantzak jaso ditugu, ekitaldiaren inpaktua islatzearren:
“Arratsalde oso polita izan zen: milatik gora lagun elkartu ginen eta ikusi genuen Ramón Flechak 40 urte lehenago sortu zuen proiektua nola hedatu den Europan eta Amerikan, baina ez goitik behera zabalduz, baizik eta aginte-postuetan ez dagoen jendearen ahaleginari esker, eta zientzia eta elkartasuna uztartzeari esker.” (H.Z)
“Oso topaketa polita izan da, harrigarria. Edertasuna, zintzotasuna eta egia % 100ean. (…) Niretzat garrantzitsuena zentzua izan da, hainbeste pertsonaren artean egin den konexio mundiala. Uste dut egiten ari denari zentzua eta humanitatea eman diola. Askatasunaren aldeko kantua izan da. Horrelako topaketa baten ostean konturatzen zara ez dagoela mugarik gizadiaren edertasunerako”. (E.R)
Irakurtzeaz gozatzeko espazioak daudela eta, gainera, errespetuzkoagoa, heziagoa, entzuten dakiena eta iritzi-aniztasunarekin aberasten den pertsona bihurtzen zaituztela jakitea altxor bat da. Lehen eskuko TDen inpaktu soziala bizi izan eta ikusi dut, eta uste dut TDak bezalako espazioak mundua salba dezakaten gauza bakarra direla, hots, belaunaldi berriei aukera bat ematea. Nire alaba horrelako testuinguru batean haziko dela pentsatzeak itxaropenez, ametsez eta bizitzaz betetzen nau. (V.I).
Kongresua ortzi-muga infinituen ebidentzia izan zen; 70eko hamarkadan Bartzelonako auzo txiroenetariko batean sortutako ametsak ez dauka mugarik, jada Latinoamerikako 9000 eskola baino gehiago ari dira tertulia dialogikoak egiten, eta kongresuak han geunden edo horren berri izan dugun guztioi energia handia eman zigun nork bere inguruetan tertulien magia partekatzeko. (G.L.A).
Latinoamerikako mugimenduaren suspertzaileetariko baten hitzek oso argi uzten dute zer-nolako garrantzia izan duten tertuliek milaka pertsonaren bizitzak hobetzeko:
Latinoamerikako tertulia dialogikoek pertsona askoren bizitza izugarri aldatu dute. Jendea literatura, pedagogia, musika, artelan onenetara sartzen ari da, gozatzen ari da eta pertsona gehiagorekin partekatzen ari da. Interesa hazi eta hazi baino ez da egiten. Horregatik izan zen hain esanguratsua Ramon ekitaldian entzun ahal izatea, ulertu ahal izateko nondik datorkigun hainbesteko mesedea egiten digun hori eta zergatik hobetzen dituen gure bizitzak eta zer egiten duen. Amaitu zuenean, maisu-maistren dozenaka mezu jaso nituen, oso hunkituta zeudenak Ramoni entzuteagatik, haien eta munduan milaka eta milaka pertsona gehiagoren bizitzak hobetzen ari den nazioarteko mugimendu baten parte zirela jakiteagatik.