23 hizkuntzatan eskuragarri, School Education Gateway irakasle, zuzendari, ikerlari, agintari eta bestelako profesionalei zuzendutako plataforma digitala da. Europar Batasunak sortutako ekimen horren helburuak informazio berria eskuratzea, baliabideak aurkitzea, formakuntza jasotzea eta finantzaketa-aukerak ezagutzea dira, doako webgunean.
Plataforma hainbat ataletan antolatuta dago. Batetik, Europa mailan hezkuntzari loturiko azken nondik-norakoen berri ematen duen atala dago. Bestetik, hezkuntzari loturiko inkestak edota adituen ikuspuntuak jasotzen dituen saila dago. Halaber, plataforma horrek oso atal zabala du, hezkuntzarako baliabideak jasotzen dituena. Gainera, Erasmus+eko aplikazioak prestatzeko iradokizunak biltzen dituen saila dago, bai eta irakasleentzako online formakuntza-aukera anitzak ere.
Plataformako beste atal interesgarri bat irakasleentzako doako formakuntzarekin lotuta dago. Besteak beste, irakaskuntza telematikoa egiteko estrategiak, egoera klimatikoa ikasgelan lantzeko ikastaroa, eta hizkuntza-aniztasuna aprobetxatzeko formakuntzak egin dira.
Bestalde, European Toolkit for Schools baliabidea dago. Konkretuki, hezkuntza inklusiboa sustatzera eta eskola-uzte goiztiarrari aurre egitera bideratuta dago. Baliabide horren barruan, bideoak, esperientziak, eskolen ebaluazioa eta beste hainbat erreminta daude.
Europan eta mundu osoan kezkagarriak diren gaien inguruko webinarrak antolatzen dira, doakoak eta online. Adibidez, Covid-19aren garaian familien eskolako parte-hartzea askotan ezinezkoa suertatzen den gaia da. Zientziak aspalditik dioen bezala, familien parte-hartzea hezkuntza-arrakastarako elementu garrantzitsua da. Hartara, School Gateway plataforman eskuragarri dagoen Familien Parte-hartzea Covid-19aren garaian izeneko webinarra horren adibide garbia da.