COVID-19aren pandemiak langabezia-tasa handiak eragin ditu ekonomia aurreratua duten herrialdeetan. Hala ere, langabeziaren ondorioek ez diete etxe guztiei berdin eragin, haurrak dituzten guraso langabetuak bereziki mindu baititu. Familia horiek pairatzen ari diren zailtasunek eragina izan dezakete haurren ongizate eta garapenean.
Estatu Batuetan, adibidez, 2020ko uztailean guraso bat langabezian zuten haurren portzentajea 2010ko atzeraldian baino handiagoa zen, % 21,7koa. Haurren amak kaltetuenak izan dira: % 18,8 langabezian dago, eta 1967. urtetik ikusten ez genituen datuak errepikatu dira.
The Lancet aldizkarian argitaratutako artikuluak jasotzen duenaren arabera, eskolen itxierak zainketen arduraren karga handitu du gehienbat emakumeen kasuan, langabezia zainketen ardurari egozten dioten emakumeen langabezia-tasa % 7 baino handiagoa da beren haurrak eskolara joan ezin diren kasuetan (% 36).
Hainbat ikerketaren ebidentziak erakutsi digu egoera honek, baliabide ekonomiko murriztuek eta estres-maila altuek haurren ongizatea zein garapena kaltetzen dituztela.
Alde batetik, egoera horien ondorioz, haurren errendimendu akademikoak behera egiten du eta besteekiko duten jarrera okertu egiten da. Beste alde batetik, urritasun-egoera luzatzen bada, egoera pairatzen duten haurrek aukera gutxiago izango dute unibertsitatera heltzeko, soldata ona izateko eta helduaroan lana izateko.
Herrialde bakoitzeko politiken esku dago umeek pairatu ditzaketen egoera horiek murriztea, umeak dituzten familiei behar duten laguntza bermatzeko (behintzat pandemiak irauten duen bitartean) eta umeak eskolara modu seguruan itzultzen direla ziurtatzeko.
Estatu Batuen kasuan, beste estatu askotan bezala, estatuak ez du haur kopurua kontuan hartzen (diru) laguntzak emateko. Horrek milioika familia uzten ditu urtero estatuko inolako laguntzarik gabe. COVID-19ak sortutako pandemian egoerak txarrera baino ez du egin, familien zainketen zama handitu egin da, haurrak ezin direlako eskoletara segurtasunez bueltatu, eta krisi ekonomikoak lanen ezegonkortasuna ekarri du.
Egoera honetan, gobernuen erantzun eta esku-hartze arinaren faltak ondorio kaltegarriak izango ditu mundu osoko haur askoren garapen globalean hurrengo hamarkadetan.
Bitartean, ikastetxeetatik lagungarriak diren hamaika kontu egiten jarraituko dugu ikasleek egoera larri horietan ikasten jarraitzeko.
Egilea: Amagoia Otaola