Martxoaren 13an eskola eta ikastetxe guztiak itxi zituzten Covid-19ak sortutako egoera zela eta. Segituan, kalitatezko hezkuntza bermatzeko eta jarduera arrakastatsuak gauzatzeko baliabideak eta estrategiak martxan jartzeko ahalegin guztiak egiten hasi ginen irakasleok. Beharrizanak bultzatuta, egunez egun saiatu ginen konfinamenduari aurre egiten gure ikasle guztiak babesteko. Oraindik ere bagabiltza gure lana egoerara egokitzen, hezkuntza zuzenekoa denez, hainbat moldaketa eta neurri hartu behar dugulako. Eta hori guztia gutxi balitz, balizko itxialdiari aurrea hartzeko geure burua ondo prestatzeko premia ere badaukagu.
Neurriak, baliabideak, egokitzapenak, kalitatea, babesa, bermea, aurreikuspenak… Nola erantzun horri guztiari? Egoera edozein delarik ere, irakasleon trebakuntza funtsekoa da arrakasta lortzeko, eta formakuntzarik onena jaso nahi bada, hezkuntza-ikertzaileengana eta zientziara jo beharko dugu. Tertulia Pedagogikoak aukera paregabea dira puntako emaitzen berri izateko, horiek baitira gure lana eguneratzeko eta bikaintzeko modu onenetarikoa. Profesionaltasunak behartzen gaituen heinean, hezkuntzaren inguruko burutazioak alde batera utzi behar ditugu, eta Tertulia Pedagogikoek hezkuntzarekiko ikuspegi jakitunagoa geureganatzen lagunduko digute, are gehiago ikasle ahulenei onena eskaini behar badiegu egoera latzenetan; hots, egungo COVID-19aren egoeran.
Badira zenbait erakunde Tertulia Pedagogikoak antolatzen dituztenak, gure ikastetxeetan ebidentzia zientifikoak zabaltzeko eta ezartzeko asmoz. Bigarren hezkuntzako irakaslea izaki, aspaldi hartzen dut parte topaketa horietan, non hezkuntza-arloko partaide anitzak elkartzen garen liburu eta artikulu zientifikoen inguruan, oinarrizko hezkuntza-ekarpenak ezagutzeko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko, betiere gure eguneroko praktikaren eraldaketari eta hobekuntzari begira.
Itxialdia gertatu zenean, jarduera arrakastatsu hori ere aurrera eramateko estatuko erakunde askok ahalegin handiak egin zituzten, antolaketa zein parte-hartzea online egin behar zelako gure formakuntzari jarraipena eman nahi bagenion. Berriro ere, COVIDaren erronkak balizko zailtasunei erantzuna ematera behartu gintuen, eta hobetzeko aukerak handiagotu egin ziren. Online topaketa horien arrakasta eta ahalmena ikusita, egunotan ere ikastetxeetako eta hainbat autonomia-erkidegotako partaideak ilusioz beterik elkartzen gara parada sortzen denean.
Adarra Pedagogi Erakundea (Bilbao), Associació de Professorat Odissea (Valentzia), Iris-aebe (Kantabria), Hipatia-AEBE, Asturias AEBE eta APROCAM erakundeak dira Tertulia Pedagogikoetan online parte hartzeko aukera eskaintzeko lanean ari direnetariko batzuk, seiak batu baitira ACTUACIONES EDUCATIVAS DE ÉXITO FRENTE A LOS NUEVOS RETOS COVID-19 zikloa antolatzeko, eta horretan parte hartzeko Estatuko laurehun irakaslek baino gehiagok eman dute izena. Irailaren 15ean izan zen lehen tertulia, eta geroztik beste bi egin dira, hilean behin arratsaldeko 18:00etatik 19:00ak arte.
Izandako tertulietan oso testu baliotsu zein onuragarriak landu ditugu, egoera zailari begira eta sasoiz hautatu direnak, eta behar den momentuko ebidentziak eskaini dizkigutenak. Hainbat tertuliaren izenburuak ikusterik baino ez dago hezkuntza-komunitatearen oraingo larritasuna eta kezkak lehenetsi dituztela ohartzeko, eta irakasleoi erantzuna emateko testurik aproposenak hautatzen asmatu dutela eskertzen diegu.
“Recomendaciones de Harvard para una vuelta segura a las escuelas”, “Efectos del uso de la tecnología en la empatía y en la capacidad de atención de los niños y niñas” eta joan den azaroaren 17an landu genuen “Escuelas que ‘abren puertas’ para prevenir el abuso infantil durante el confinamiento por COVID-19” solasaldiek ezinbesteko euskarriak agertzen dizkigute, geletako premiazko beharretara egokitu ahal direnak (online zein zuzeneko irakaskuntzan). Tertulia Pedagogiko horietan parte hartu dugunok ekarpen zientifiko berrienak ezagutzeko eta barneratzeko aukera izan dugu, eta orain geure burua prestatuago dago zailtasun horiei erantzuteko eta norberaren ikastetxean arduratsu jarduteko gaitasuna garatuagoa estimatzen dugu.
Baina topaketa horien indarra ez da soilik goi-mailako edukiei heltzeko aukera zabaltzen dutela, edukiok partaide askorekin begirunezko giroan jorratzea ere pribilegio hutsa da. Egia esateko, honetan datza ziurrenik Tertulia Pedagogiko horien arrakasta: hitza hartzen dugun bakoitzean eraldaketari begira egiten dugu, garrantzitsu eta baliotsu deritzegun hausnarketak igortzen ditugu, ahal denik eta laburren, guztion partaidetza errazteko. Hala, hezkuntza-hobekuntzaren aukera areagotzen dugun sentimendua indarberritu egiten da eta saio bakoitza ilusioz beterik bukatzen dugu; gainera, ikas komunitateko kide orok gizartea hobetzeko ahalmena sendotu dugu taldean izandako interakzio-trukearen poderioz. Nire ezagutza eta formakuntza zientifikoa handitzeaz gain, irakasleok konponbide eta eraldaketaren egileak izan gaitezkeela ere berretsi egiten dut.
Lanbide zoragarri honetan hasi nintzela, guztiontzako hezkuntzarik onena lortzea posible zela uste nuen. Baina orain, halako Tertulia Pedagogikoei esker, ziur nago amets hori gauzatu dezakegula, ekarpen zientifikoek hala baieztatzen baitigute -jada jakin badakigu zer egin eta nola hobetu jokatu-, eta indarrez beteriko lankideek ilusioarekin ekiteko gogoa kutsatzen didatelako. Tertulia baten xarma partekatzeko aukera oraindik ere badago, abenduaren 15ean ziklo horren azkenengo saioa izango da eta: “Promover relaciones afectivo-sexuales seguras entre adolescentes en la era COVID-19”. Irrikan nago!
Egilea: Sonia del Barrio