Hezkuntza-munduan lanean diharduten hezitzaileek, batik bat irakasleek, momentuan momentuko egoeretara egokitu behar dute etengabeko hobekuntza-prozesuan murgilduz. Prozesu horretako ikaskuntza baliagarria zaio irakasleari, bere praktika eta irakasteko modua zalantzatan jartzeko gaitasuna garatzen laguntzen baitio. Zalantza horretatik abiatuta berrelikaduraren kontzeptua agertzen da, non irakasle eta ikaslearen arteko hartu-emanen bidez elkarrengandik ikasteko gaitasuna ahalbidetzen den. Berrelikadura egokia izan dadin, ezinbestekoa da partaideen arteko komunikazioa aproposa izatea lortu nahi diren helburuetara iristeko.
Bestalde, aintzat hartu behar da etengabeko hobekuntza-prozesu horretan teknologia berriak ezinbesteko baliabide bilakatzen ari direla, bai ikasleei irakasteari dagokionez, bai irakasleen hobekuntzari dagokionez. Izan ere, irakasleek haien jokabidearen inguruko kontzientzia hartzeko, teknologia berriak erabilgarriak izan daitezke. Azken urteetan hezkuntza-esparruan egin diren ikerketak garrantzi handia ematen ari zaizkio bideoen grabaketari, hau da, irakasleek ikasgelan duten jokabidearen inguruan hausnartzeko beren burua grabatzen dute, eta, ondoren, neurri berriak hartzeko eta beste estrategia batzuk aplikatzeko aukerak zabaltzen dituzte.
Horren harira, Using video clubs to develop teacher’s thinking and practice in oral feedback and dialogic teaching artikuluko autoreek berrelikaduraren eta bideoen grabaketaren arteko lotura ezartzen duen ikerketaren berri ematen dute. Ikerketaren funtsa, bideoklub baten sorkuntzaren bidez, irakasleek beren pentsamenduaren eta praktikaren inguruan hausnartzean datza, eta, ondoren, ikasgelako ahozko berrelikaduran zenbaterainoko eragina duen aztertzen da. Bideoklubaren plataformak online zerbitzua eskaintzen du, non irakasleek beren bideoak bertara igotzen dituzten eta beste irakasleen bideoak ikusteko aukera duten. Bi galdera izan dira ikerketa aurrera eramaten eta horren diseinua garatzen lagundu dutenak: “nola aldatzen dira irakasleen pentsamenduak eta praktikak ahozko berrelikaduran bideoklub baten sorkuntzaren ondorioz?” eta “aldaketen eta esku-hartzearen (bideoklubaren ezarpena) arteko harremana behar bezain adierazgarria da lotura hori ezartzeko?”.
Ikerketaren diseinuaren aldetik, Erresuma Batuko Lehen Hezkuntzako 12 ikastetxek hartu zuten parte sei hilabeteko epean. Bideokluba IRIS Connect eta Whole Education erakundeen bidez sortu zen; lehenak grabatzeko baliabideak eta online plataforma eskaintzen zituen, eta bigarrenak irakasleen garapen profesionalerako sare zabalaren laguntza eskaintzen zuen. Ikerketan parte hartzen zuten eta ez zuten irakasleek galdetegi bat bete behar zuten ikerketaren hasieran eta bukaeran, esku-hartzeak haien pentsamenduan zer-nolako eragina izan zuen ikertu ahal izateko.
Emaitzak aztertu ostean, esan daiteke bideoklubaren sorkuntza baliagarria izan dela berrelikaduraren sustapenari dagokionez. Izan ere, irakasleek bideoklubaren plataformarekiko izan duten konpromiso-maila funtsezkoa izan da emaitzak adierazgarriak izan daitezen. Ikerketaren arrakasta beste faktore batzuen menpe egon da, esaterako, irakasleen ikasteko nahiaren, baliabide teknologikoak erraztearen edo proiektuari eskainitako denboraren menpe. Hala ere, bideoklubaren erabilerak ikerketan parte hartu ez duten irakasleengan nola eragin duen aztertuta, emaitzek ez dute argitasun nahikorik adierazten haien pentsamenduan eragina izan duen ala ez zehazteko.
Laburbilduz, ebidentziek iradokitzen dutenaren arabera, bideoklubaren plataforma lagungarria izan da aukera berriak sortzearen aldetik eta ikaskuntza profesionaleko bitarteko gisa, baina beste zenbait faktorek eragina izan dezakete arrakasta lortzeko.
Egilea: Iker Goya