Gaur egun, ondo idaztea funtsezkoa da. Maila pertsonalean, akademikoan eta profesionalean ondo moldatzeko ezinbesteko trebezia da. Beraz, idazteko gaitasuna nola bultzatu dezakegun jakitea beharrezkoa da irakasleon lanean.
Debatea normalean ahozko komunikazio- eta argudiatze-trebeziekin lotzen da, baina Utrecht-eko Unibertsitateko Abid El Majidi, Rick de Graaf eta Daniel Janssen ikertzaileek argitaratu berri duten ikerketan erakutsi dute debateak, era berean, sustatu egiten duela idatzizko hizkuntzaren hobekuntza. Gainera, hobekuntza hori maila askotan identifikatu zuten: debatea egiteari esker testu luzeagoak idatzi zituzten, sintaktikoki konplexuagoak ziren esaldiak, hiztegi sofistikatuagoa, zuzentasun gramatikal handiagoa, eta testuen kohesio-maila ere handiagoa izan zen. Ondorio horietara iritsi ziren debateak egiten zituzten eta egiten ez zituzten Bigarren Hezkuntzako taldeak alderatuta.
Debateak formatu interaktibo eta dialogiko oso aproposa eskaintzen du. Ikasle batek debate batean parte hartzen duenean, bere ideiak adierazteko ahalegina egiten duenean, bere konpetentzia linguistikoa mugara arte bultzatzen du, eta, horrela, hizkuntza sakonago prozesatzen du. Irakurriz eta entzunez soilik egingo lukeena baino askoz sakonago. Baina, gainera, debatean parte hartzen duten gainerako pertsonekin iritziak trukatzean, besteen hizkuntza-ereduak arretaz eta interesez aditu ditzakete, nor bere hizkuntza-gabeziez jabetu daiteke, eta hobekuntzak praktikara eramaten saia daiteke. Elkarri ulertzeko ahaleginean, hiztunek elkarren adierazpenak aldamiatzen dituzte, eta, horrela, pentsamendu-lerro konplexu eta multidimentsionalak ahozko esaldi bihurtzen dira, eta idatzizko esaldi bihurtzeko bidea egiten dute. Entzuleak izateak areagotu egiten du motibazioa. Baldintza horietan, indartu egiten da hizkuntzen ikaskuntza, oro har, eta idatzizkoari laguntzeko ere eraginkorra da.
Hizkuntza erabiltzen ikasteko, erabili egin behar da, eta hori gerta dadin, erabiltzeko aukerak behar dira. Gainera, hizkuntzaren trebezia mota batean hobetzeak gainerako trebeziak hobetzen lagundu dezake. Gure ikasgeletan debateak sustatzea funtsezkoa da, baita hizkuntzaren ikaskuntza sustatzeko ere.
Egilea: Harkaitz Zubiri