Ikerketan honetan, Wauters Van Mol, Clycq, Michielsena eta Timmerman-ek (2012) ikastetxeek hezkuntza-zentroetan familia ijitoen parte-hartzea hobetzeko har ditzaketen estrategiak aztertu dituzte. Zehazki, Ganteko Lehen Hezkuntzako ikastetxearen (PSG) kasua aztertzen da. Izan ere, haren hezkuntza-ereduak emaitza arrakastatsuak lortzen ditu.
ABB ikerketak (2012) frogatu zuen moduan, ijitoen komunitatea Europako gutxiengo etnikorik handiena da. Literatura zientifikoaren berrikuspena eginez gero, historian zehar ikasle ijitoek itxaropen akademikoetan eragina izan duten aurreiritzi edo eragin negatibo ugari jasan dituzte (Wauters, Nouwen eta Clycq, 2015). Hala nola: familien maila sozioekonomikoa (langabezia-tasa altuak, pobrezia, etab.), arrazakeriaren eta diskriminazioaren historia, ohiko hezkuntzaren eta hezkuntza-estrategien arteko disonantzia kulturala edo egungo hezkuntza-estrategien gabeziak.
Hala ere, oztopo horiek gorabehera, beste ikerketa batzuek itxaropena erakusten digute. Izan ere, konpromiso partekatua dagoenean, noranzko biko elkarrizketak daudenean edo familiekin konfiantzazko inguruneak sortzen direnean, frogatuta dago hezkuntzarako sarbidea eta eskola-lorpenak bermatzen eta sustatzen direla (Myers eta Bhopal 2009; Myers, McGhee eta Bhopal 2010; Scullion eta Brown, 2013; Bhopal eta Myers 2009; Flecha eta Soler 2013).
Eta horren adibide bat Ganteko lehen hezkuntzako ikastetxearen (PSG) kasua da, ikasle ijitoekin eta gurasoekin arrakastaz funtzionatzen duena. Eredu horrek arrakasta lortzen nola laguntzen duen aztertzeko, eskolaren bi jarrera edo neurri aurkeztuko ditugu.
Lehenik eta behin, zentroko Programa Teorikoaren eta bertako familien eta ikasleen beharren eta profilaren arteko bateragarritasuna dago. Horrek mesfidantza gainditzea eta hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoa eta elkarrizketa bermatzea ahalbidetzen du.
Bigarrenik, ereduaren iraunkortasuna ahalbidetzen duten neurriak ditugu. Lehenik eta behin, ikastetxearen antolakuntza-ereduak “ateak zabalik” dituen politika eta konfigurazio horizontala defendatzen ditu, eta hezkuntza-komunitate osoarekiko konfiantza eta komunikazio-ingurunea sustatzen. Funtsezko beste alderdi bat zentro osoak bere konpromisoaren barnean hartu dituen giza baliabideak eta baliabide logistikoak dira. Eta, azkenik, ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxera aditu zehatzak erakartzeko erabakia hartu zuen, zentroaren funtzionamendu optimoa ziurtatzeko.
Hori dela eta, ikerketak honako hau erakusten digu: “familia, haur, irakasle, komunitateko kide eta politika-arduradunek elkarrizketa berdinaren bidez parte hartzen duten ikuspegi inklusiboak ikasle ijitoen eskola-errendimendua hobetzen du” (Flecha eta Soler 2013; Scullion eta Brown 2013).
Egilea: Patricia Peña