Kanpoan jolasteak haurrei modu seguru samarrean besteekin harremanetan jartzeko aukera ematen die. Ben Mardell eta Megina Baker Project Zero-ko ikertzaileen eta David Ramsey Boston Public Schols Early Chilhood Programeko kidearen ustez, jolas esanguratsua ziurgabetasuna eta arriskuak hartzean datza.
Mardellen aburuz, eboluzio biologoek eta garapen psikologoek animalien erreinuan eta jolasak gizakiengan, arrisku txikiak hartuz, ziurgabetasuna kudeatzeko eta horri egokitzeko aukera ematen dute. Mardellen esanetan: “Haurrak elkarrekin elkartu eta aurretik jakin ez daitezkeen egoerei erantzuna emateko espazioak sortu behar ditugu, non elkarri begiratuz elkarrengandik ikasiko duten”.
Hezitzaileek haurrei segurtasuna emateko kezka duten garai honetan, Mardell, Baker eta Ramseyk aire librean jolas esanguratsuaren erabilera proposatzen dute.
Arauak konfiantzan oinarritu
Helduek, maiz, haurrak seguru mantentzeko eta gatazkak ekiditeko asmoz, jolasaren inguruko arauak ezartzen dituzte. Nahiz eta garai honetan helduen esku-hartze zuzentzaileagoa behar den, garrantzitsua da haurrengan konfiantza adieraztea eta eurak arriskuak hartzera bultzatzea.
- Arau gutxi eta sinpleak. Horrela errazagoa da haurrentzat arauak ulertzea, eta muga argiak ezartzen dira. Saiatu honela hasten: “Gure burua seguru mantentzen dugu eta ingurua zaintzen dugu”.
- Haurrak jolastu bitartean, gatazkak sortuko dira. Larrialdietan ez ezik, haurrei galderak egin eta gertatu denaren inguruan hausnartzeko espazioak ere eskaini behar zaizkie, eta denak taldearen parte eta seguru sentiarazteko nola hobetu dezaketen pentsarazi behar zaie. Adibidez: “Nola konpondu dezakegu egoera hau talde gisa, eta denok ondo pasatu inork minik hartu gabe?”.
Ezjakintasuna eman
Kanpoan jolasteko espazioak askotan zurrunak dira: perimetroa mugatuta dago, zabuak eta txirristak daude… Espazio horiek haurrei beren energia askatzeko aukera ematen diete, helduek modu errazean gainbegiratzen dituzten bitartean, baina diseinu horiek helduen beharrei erantzun ohi diete haurrenei baino gehiago.
Ikerketaren arabera, arriskuak hartzea eta ezjakintasunean jolastea ahalbidetzen duen espazioak ikasketa aberastuko du. Hezitzaile eta gurasoek jolas-guneetan “loose parts” edo pieza askeak sartu ditzakete, haurrak pieza horiek mugitu eta hainbat esanahi emateko aukera izan dezan. Material horiek plastikozko blokeak, material naturalak (makilak, adibidez) edota material birziklatuak izan daitezke.
Ramseyk bere ikerketan “Loos parts” edo pieza askeak erabiltzeak honako onura hauek dituela ondorioztatu du:
- Gatazka gutxiago. Jolasean sartzea errazagoa da, haurrak ez daudelako aurretik ezarritako egituretara mugatuta; adibidez, zabuan bostentzako tokia bakarrik egon daiteke eta denek aldi berean ibili nahi izan dezakete. Material erakargarriak dira eta haur gutxiago gelditzen dira jolasetik kanpo; gainera, burua eta eskuak lanean edukita, jokabide-arazoak murrizten dira.
- Eskuragarritasun handiagoa. Jolasak fisikoki irisgarritasun handiagoa dauka, haur bakoitzak piezak eskura ditu eta jolasean parte har dezake.
- Jolas errepikakor gutxiago. Haurrak espazio eta material berdinak erabiltzeaz aspertu daitezke. Pieza aske eta material berriak aurkezteak euren jolasa eraldatu eta zabaltzea bultza dezake.
Noski, pandemiak “loos parts”-ak arriskuan jarri ditu. Haur-talde bakoitzak bere pieza-bilduma izan dezake, eta piezak esteriliza eta berrantola daitezke.
Ingurugiroa eta lagunak zaindu
Aire librean jolastean, garrantzitsua da besteekin batera aritzea, baita ingurugiroa zaintzea ere —izan eskolako zelaia, baso-erreserba edo auzoko parkea—. Haurrak naturarekin lotzeko aukerak bilatzea ikaskuntza eta komunitatea bultzatzeko gakoa da.
Honako hau dio Baker-ek: “Espazio bat eta bertako landare eta animaliak zaintzea bateratutako helburua izan daiteke haurrentzat. Oso boteretsua izan daiteke emozionalki haurrak kanpoan egotea esperientzia komun hori partekatzen”.
- Kanpo-espazio bat hartu. Maiz bisitatu, aldaketak behatu eta nola zaindu daitekeen pentsatu.
- Bertan pasatzen den denbora dokumentatu. Horrek haurrei zertaz konturatu diren gogoratzen lagunduko die, eta esploratzeko eta esperimentatzeko galderak ekarriko ditu. Gainera, sortuko den baikortasun- eta inklusio-sentimendua islatuko du.
Urte osoan zehar kanpoan jolastea
Aire librean igarotako denborak haurrei komunitate-sentimendua eraiki eta, distantziak egon arren, esploratzeko aukera ematen die. Negua erronka izan daiteke, baina barrura joan beharrean, arropa egokia erosteko dirua lortzeko moduak bilatu daitezke; horrela, kanpoko jolasa urte osoan zehar da erabilgarria.
Egilea: Laura Alvarez