Egun aukera dugu etxetik mugitu gabe hainbat leku zein herri bisitatzeko, baita museoak ere! Horren harira, ijito herriaren museo birtuala dugu adibide. Kasu honetan, Kataluniako museo birtuala aurkezten dugu, lurralde horretako administrazioak sustatua Ijito Herriarentzako Plan Integralaren bidez.
Museo horren helburua ijito herriaren historia ezagutzera ematea da, betiere errespetuz, eta instituzionalki ere beti izan ez duen aitorpena emanez. Gainera, emakume ijitoen inguruko aurreiritziak ere apurtzeko helburua du; izan ere, geroz eta emakume ijito gehiago ari dira goi-mailako ikasketak egiten, edota kirolari apartak bihurtzen. Hauxe da, adibidez, Carla Fernandez futbolari eta ijitoaren historia. Haren testigantza beste hiru emakume ijitoren hitzekin batera dago eskuragarri museo birtual horretan.
Ijito Herriaren Museo Birtualean ibilbidea egiteak aukera ematen digu arestian aipatutakoak bezalako kontakizun zoragarriak irakurri eta ezagutzeko, baina baita ikasi eta sakontzeko ere, besteak beste, Europara eta Penintsulara iritsi zen herri horren jatorriari buruz, XX. mendeko ijitoen genozidioari eta bizirik dirauen ondareari buruz, ijitoen hizkuntzari zein kulturari buruz, eta ijitoen sukaldaritzari buruz. Azken batean, ijito herriaren historia, kultura, hizkuntza eta artea ezagutzeko ibilaldi zoragarria da.
Egilea: Andrea Khalfaoui