Biztanleriaren % 1,36 zen etorkina 1991. urtean Vicen (Katalunia). Hogeita bi urte geroago, 2013an, etorkinak laurdena (% 25,04) ziren. Enplegu-aukerak erakarrita joan ziren hara, batik bat Marokotik. Etxebizitza hain garesti ez zegoen auzoetan hasi ziren bizitzen. Familiak osatu ahala, haurrak hurbilen zuten eskolara joaten hasi ziren. Viceko eskola batzuetan etorkinak bihurtu ziren gehiengo. Baina 1997an udalak alderdi guztien babesarekin ekin zion ikasle etorkinak herriko eskoletan birbanatzeari. Ikasgela bakoitzean gehienezko kopurua ezarri zuten: ikasle etorkinak ezin ziren % 20 baino gehiago izan gela bakoitzean. Austrian eta Italian eskuin muturreko alderdiek ere ezarri izan dituzte horrelako kuotak eskoletan.
Esan izan da Viceko estrategia eredugarria dela. Baina justu kontrakoa da: neurri horiek ez dute inolako arrakasta akademikorik izan, porrot akademikoak bere horretan jarraitu baitu, eta, gainera, neurri horiek hauspotu egin dute arrazakeria gutxiengo etnikoen kontra. Horixe frogatu du Roger Campdepadrós-ek eta beste hiru ikertzailek argitaratu berri duten ikerketak.
Argi dago Viceko estrategiak ez zuela oinarri zientifikorik. Viceko ekimena martxan jarri aurretik, ikerketa zientifikoak garbi frogatua zuen oinarri etnikoa eta kulturala duten birbanaketa-estrategiek ez dutela arrakasta akademikoa sustatzen, indarkeria eta arrazakeria sustatzen dituztela gutxiengoen kontra, eta pertsona ahulenen kapital soziala kaltetu egiten dutela.
Vicen herriko ikasleen % 23 mugiarazi zuten eskola batetik bestera. Familia etorkin asko zeuden birbanaketaren aurka. Ezin ziren etxetik hurbilen zegoen eskolara joan, eta horren ondorioz handitu egin zitzaizkien garraio- eta jangela-gastuak; bekak eskatu behar izan zituzten. Era berean, hurbileko eskolan auzoko umeekin eta familiekin ez zeudenez, handitu egin ziren sozializatzeko zailtasunak. Eta, gainera, birbanaketaren ondoren eskolako emaitza akademikoak ez ziren hobetu.
Vicen jaiotako umeen familia asko ere kexu ziren: ikasgela ikasle etorkinekin partekatu behar zutelako, ezin zirelako lehen bezala nahi zuten eskoletara beti joan (plaza gutxiago zeudelako), etorkinentzat erreserbatutako plazak ikasturte-amaierara arte hutsik mantentzen zirelako, bertan jaiotakoen seme-alabak beste herri batzuetara eramaten zituztelako, familia etorkinei bekak ematen zizkietelako… Azken finean, eskola hautatzeko aukerak mugatu zitzaizkielako.
Testuinguru horretan lortu zuen Plataforma per Catalunya eskuin muturreko alderdiak Viceko bigarren indarra izatea. Alderdi horren hazkundea ez zen kasualitatea izan. Eskoletan gertatzen denak eragin handia du eskolatik kanpo gertatzen diren gauzetan. Oinarri etnikoa eta kulturala duten eskola-birbanaketa behartuak ikuspegi asimilazionistatik eta akulturatzailetik egiten dira. Eskola berean etorkin asko egotea bere horretan arazoa dela pentsatzen dute asimilazionistek. Derrigortutako birbanaketa-politiketan islatzen da hori: ikasle etorkinak eskolarentzat zama direla ulertzen dute, eta zama hori guztien artean banatu behar dela. Etorkinak zama direla, mezu hori zabaltzen dute behartutako birbanaketa-politikek. Beraz, ikasle etorkinak derrigortuta barreiatzen direnean, zer ulertzen dute ikuspegi asimilazionista dutenek? Bada, arazoa leku guztietara iristen dela. Testuinguru horrek jokabide arrazistak hauspotzen ditu.
Ikerketak argi erakutsi du eskola berean etorkin kopuru handia elkartzea ez dela berez arazoa. Ikerketen arabera, etorkin kopuru handia duten eskolek goi-mailako emaitzak izan ditzakete: Hospitalet de Llobregateko Joaquim Ruyra ikastetxean edo Terrassako Mare de Déu de Montserrat ikastetxean ikasle gehienak dira etorkinak edo etorkin jatorrikoak, eta sekulako emaitzak lortzen dituzte, Kataluniako eliteko ikastetxeen emaitzen gainetik tarteka. Bi ikastetxe horiek ez dira kasu bakanak.
Era berean, ikerketak erakutsi du, eskolak anitzagoak direnean, emaitza hobeak lortzeko aukerak beste inon baino handiagoak direla, bai maila akademikoan, bai bizikidetzan, bai garapen indibidualean. Horregatik, zenbait hezkuntza-erakundek propio bilatzen dute ikasleen aniztasuna. Harvardeko Unibertsitateak, adibidez, hori egiten du.
Gakoa ikasleei garapenerako aukerarik onenak eskaintzea da, eta, horretarako, eskoletan ondo funtzionatzen duten jarduerak ahal bezainbeste hedatzea ezinbestekoa da: familien partaidetza jarduera akademikoetan bermatzea, interakzio aberatsak eta askeak sustatzea, bizikidetza ona sustatzen duten ereduak abiaraztea eta indartzea… Zientifikoki frogatuta dauden jarduerak dira gakoa, hobekuntza eraginkorrenak lortzen dituztenak, hain zuzen. Jarduera horiek ikastetxearen ardatz bihurtzea da gakoa.
Eskoletan egiten denak sekulako eragina du eskolatik kanpo. Eskolek aukera paregabea eskaintzen dute hobekuntza soziala hauspotzeko.
Egilea: Harkaitz Zubiri