Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, osasuna ez da gaixotasunik ez izatea bakarrik; osasuna da fisikoki, mentalki eta sozialki ondo egotea. Ohikoa da galdetzea zer egin dezakegun gaixotasunari iskin egiteko, baina gutxienez galdera hori bezain garrantzitsua da zer egin dezakegun osasun ona sustatzeko. Salutogenesiak azken galdera horri erantzuten dio. Aaron Antonovsky-k 1979an proposatu zuen kontzeptu hori. Harrezkero, ikerketa ugari egin dira salutogenesiari buruz, eta ondorioztatu dute Antonovskyren proposamenak lotura estua duela osasun onarekin eta, aldi berean, zerikusi zuzena duela bizi-kalitatearekin.
Gizakion bizitzan hainbat faktorek distresa (estres txarra) eragiten digute. Estresarekiko erresistentzia-gaitasuna funtsezkoa da bizitzari ondo aurre egiteko. Estresarekiko erresistentzia ez da beti estresa jasateko ahalmen hutsa. Sarritan, estresari iskin egiteko ahalmena da. Antonovskyren ikerketaren abiapuntua horixe da: zerk laguntzen du bizitzaren estres faktoreekiko erresistentzia handiagoa izaten? Antonovskyk erantzuna kontzeptu bakarrean laburbildu zuen: Koherentzia Zentzua (Sense of Coherence). Horixe da ikerketek osasunarekin eta bizi-kalitatearekin hain estuki lotu dutena.
Koherentzia Zentzuak hiru osagai dauzka: 1) Ulergarritasuna: zure bizitzan gertatzen diren gauzak nola eta zergatik gertatzen diren ulertzea; 2) Kudeagarritasuna: norberak bere aferak kudeatzeko ahalmena eta baliabideak dituela sinestea; eta 3) Esanguratasuna: bizitza interesgarria eta poztasun iturri dela sinestea, eta benetan merezi duela bizitzako gauzetaz arduratzea eta ahalegina egitea. Hiru osagai horiek indartsu daudenean, bizitza zentzuzkoa iruditzeko aukerak handiagoak dira. Zentzuzkoagoa irudituko zaigu kognitiboki, instrumentalki eta emozionalki. Hala denean, ingurutik uholde bat bezala iristen zaizkigun estimuluak, ez dira zarata izango, informazioa baizik. Horri esker, estres txarra eragiten duten faktoreei aurre egiteko ahalmen handiagoa izango dugu.
Bizitzan izaten ditugun esperientziek eraikitzen dute Koherentzia Zentzua. Beraz, irakasleon osasunak bereziki eskertzen du koherentzia zentzua indartzen duten esperientziak izatea. Ikasleei ere berdina gertatzen zaie. Gakoa, beraz, hezkuntza-komunitatea osatzen dugun lagun guztion koherentzia zentzua sustatzea da, eta horretarako eskolan esperientzia onak bizitzea da giltza. Esperientzia onak kognitiboki, instrumentalki eta emozionalki. Zorionez, ikerketa zientifikoak informazio zabala eskaintzen digu hezkuntzaren eremuan ere hori lortu ahal izateko.
Egilea: Harkaitz Zubiri