Espainian “Esan ezazu dena Bullyingaren aurka” (Dilo todo contra el bullying) eskola-jazarpenaren inguruko ikerketa egin da. Bertan, bullyinga pairatzen duten umeak, prestakuntza nahikorik gabeko irakasleak, alde batera mantentzen diren lekukoak… arazoaren hainbat aspektu aztertzen dira. Gainera, COVID-19a erasotzaileen tresna bat izan daitekeela salatzen da.
Ikerketan, Espainian eskolatutako lau haurretik batek bullyinga jasaten duela salatzen da, eta, haien artean, biktimen % 15 bakarrik ausartzen dela bere familia edo irakasleen aurrean jazarpen-egoera salatzera.
Txostenean lekukoen rola ere azpimarratzen da, eta 10etik 8k noizbait eskola-jazarpen egoera bat ikusi duela azaltzen. Horren aurrean, bullying-egoera baten lekuko izan diren 5 pertsonatik 1ek ez du egoera salatu.
Irakasleen rolari dagokionez, % 9k baino ez dute uste irakasleak eta eskolak bullyingari aurre egiteko prest daudela. Ildo beretik, irakasleen % 16k bakarrik uste dute prest daudela horrelako egoera bati aurre egiteko.
“Esan ezazu dena Bullyingaren aurka” ikerketan, Euskal Autonomia Erkidegoan lortutako datuen arabera, ikasleen % 30ek pairatu du jazarpena, eta eraso modu zabalduenak hitzezkoa (% 54,17), psikologikoa (% 45,83), fisikoa (% 41,67) eta baztertzea (% 37,5) izan dira.
Izan ere, Euskadin, Hezkuntza Sailak, sailburuordetzatik adierazi dutenez, salatu diren 800 jazarpen-salaketetatik, ehun bullying-kasu identifikatu ditu. Bigarren hezkuntzan gertatzen dira kasu gehienak, % 63, alegia, eta jazarpen horien % 25 sare sozialen bitartez izan da; ondorioz, ziberbullying kasutzat hartu dira. Gainera, azken urteetako bullying-kasuen garapena egonkortu egin da, hezkuntza-komunitatearen sentsibilizazioari esker, baita ikuskaritzaren rol aktiboagoari esker eta hezkuntzak jazarpenaren aurka eta elkarbizitza positiboaren alde martxan jarri dituen ekimen askori esker ere.
Dena den, datuak orokorrean aztertuta, egoera larria dela ezin du inork ezbaian jarri, eta bai gertatzen denaren kausak ondo aztertzeko, bai egoera larriari ondo aurre egiteko, oinarri zientifikoak dituzten giltzarriak eta proposamenak erabiltzea ezinbestekoa da.
Ildo horretatik, Kaieran ateratako irakasleek jazarpenaren inguruan dituzten pertzepzioei buruzko artikuluan, irakasleen prestakuntza hobetu eta estrategia eraginkorrak sustatu behar direla aipatzen da: fokua jazarleengan jarriz, lekukoen esku-hartzea bultzatzea eta adiskide-sareak sortzea, besteak beste.
Egilea: Laura Alvarez