Sineskeriek esaten dutenaren kontra, kultura jasoa edo goi-kultura ez da gutxi batzuen kontua, ez da posizio sozioekonomiko jakin batzuetan dagoen jendearen kontua. Egia da Pierre Bourdieu soziologo frantsesak sutsuki defendatu zuela kulturarekiko zaletasuna haurtzaroan familiaren baitan garatzen dela, eta testuinguru horretan sortzen denak determinatzen duela kulturarekiko zaletasuna, eta, horrela, bizitzan irekitzen eta ixten diren hainbat ate determinatzen direla. Egia da jende askok bere egin duela ideia hori. Baina egia da ikerketak kontrakoa frogatu duela zalantzarik gabe. Horren adibide garbia da Bartzelonako Unibertsitateko Elisabeth Torras-Gómez eta bere kideek berriki argitaratu duten lana, baita Torontoko Unibertsitateko Loretta Ho eta bere kideek plazaratu dutena ere.
Kulturarekiko zaletasuna sozializazioaren emaitza da, ez posizio sozioekonomikoaren ondorioa. Beraz, eskaintzen zaizkigun sozializaziorako aukerek erabat baldintzatzen dituzte gure gustuak. Horrexegatik, kultura jasoarekiko zaletasuna aurreikusi nahi denean, posizio sozioekonomikoa baino askoz faktore adierazgarriagoa da hezkuntza-maila. Hortaz, hezkuntzako esku-hartze eraginkorrek askoz eragin handiagoa dute jatorri sozioekonomikoak baino.
Torras-Gómezek eta bere kideek adibide oso esanguratsu bat aztertu dute: literatur solasaldi dialogikoak, non edonork gozatu, partekatu eta baliatu dezakeen literatura jasoa bere bizitzarako, baita normalean kultura jasotik baztertuta gelditzen direnek ere. Parte-hartze horrek beren mundu ikuskerak biziberritzeko aukera ematen die, eta horrela gusturago sentitzeko aukera sortzen da. Baina, parte-hartzaileei ez ezik, beren inguruan dituzten senideei eta lagunei ere zeharka mesede egin diezaieke.
Ho-k eta bere kideek nabarmentzen dute zeinen garrantzitsua den kultura-sozializazioaren iraunkortasuna eta intentsitatea. Musika klasikoa eta operarekiko zaletasuna ikertu dituzte Ho-k eta bere kideek, eta ondorioztatu dute kultura jasoa ardatz duten espazioetan denbora gehiago bizitzeko aukera izateak bereziki sustatzen duela kultura jasoarekiko gustuaren garapena. Haurtzaroan familiaren baitan dauzkagun aukerak baino erabakigarriagoak dira bizitzan zehar dauzkagun kultura-sozializaziorako aukerak.
Aurretik egin diren hainbat ikerketak ere nabarmendu dute kulturarekiko zaletasuna ez dela garatzen noizbehinkako esku-hartze isolatuetan (egunerokotasunean txertatzen ez diren topaketa batean, adibidez). Aitzitik, errespetuzko giroan intentsitatez eta iraunkortasunez izaten diren esperientzietan aktibatzen da kultura-konpetentzia.
Kultura jasoa mendeetan zehar gizakiok ekoitzi eta jaso dugun altxorra da. Ikerketak garbi erakusten digu kultura jasoaz gozatzeak ekarpena egiten diola bizitza-kalitateari. Halaber, ikerketak argitu digu jende guztiak daukala kultura jasoaz gozatzeko aukera, salbuespenik gabe. Gure eskolak espazio paregabea dira aukera horiek jende guztiaren eskura jartzeko.
Egilea: Harkaitz Zubiri