Hizkuntzak ikasteko prozesuan funtsezkoa da hiztun eredugarrien hizkuntza-estiloak eta hizkuntza-formak ikastea. Hori egiten denean, ikasleak bereganatu egiten ditu eredu diren hiztunen zenbait ezaugarri emozional, nortasunaren zatitxo batzuk eta hainbat ezaugarri sozial. Azken finean, eredu diren pertsonen “ahotsak” imitatzen dira neurri batean. Ez dira hitzak bakarrik ikasten. Hainbat nortasunen printzak ere ikasten dira, nortasun horiek islatu egiten direlako hitzetan, intonazioetan, hitzezkoak ez diren adierazpenetan, emozioetan, iritzietan, eta bestelako galbaheetan. Horixe aztertu dute Minnesota Unibertsitateko Darren LaScotte eta Elaine Tarone ikertzaileek.
Beraz, hiztun eredugarriak funtsezkoak dira. Baina hori bezain garrantzitsua da hiztun eredugarri horiekin nolabaiteko elkarrizketak izateko aukerak sortzea. Gainera, hizkuntza ikasten ari denak inoiz ez du bere horretan imitatzen ereduzko hiztunak esaten duena. LaScotte eta Tarone ikertzaileen arabera, ikasleek maiz nabarmendu nahi izaten dute esaten ari direna imitazio moduko bat dela, beste norbaitek esandakoa imitatzen ari direla. Horretarako, ohikoa da hainbat teknika erabiltzea: adibidez, “ahots bikoitza” (“double voicing”) izenekoa; jatorrizko hiztunaren ahotsa nolabait imitatu egiten da, edo, bestela, ikasleak ez du bere ohiko ahotsa erabiltzen, nahiz eta sotilki egin, ikasleak adierazi nahi balu bezala esaten ari den hitz horiek oraindik ez direla bereak, beste norbaiti hartutakoak direla.
Baten batek pentsa dezake besteen ahotsak imitatzeko aukera izatea bitxikeria hutsa dela. Baina ez da hala. LaScotte eta Tarone ikertzaileen lanak garbi erakusten du, aukera horiek sortzen direnean, hizkuntza hobeto ikasten dela. Ikerketa horretan gramatika-arloko konplexutasuna eta zuzentasuna analizatu zituzten, eta, horrekin batera, hizkuntza-jariotasuna ere izan zuten aztergai. Ikerketaren emaitzek nabarmentzen dute, ahotsen imitazioa egiten zutenean, ikasleen hizkuntza gramatikalki konplexuagoa eta zuzenagoa zela, eta, aldi berean, hizkuntza-jariotasuna handiagoa zela.
Hortaz, nola sortu daitezke besteen ahotsak imitatzeko aukerak ikasgelan? LaScotte eta Tarone ikertzaileek diotenez, fenomeno hori nekez gerta daiteke ikasgelan elkarrizketarako aukerak eskasak direnean. Are gutxiago, eskoletan gramatika-arauak eta esaldi eginak testuingurutik kanpo eta erabilerari lotu gabe irakasten direnean. Aldiz, ikasgelek elkarrizketarako eta hizkuntzaren erabilerarako aukera gehiago ematen dituztenean, orduan bai, hizkuntzen ikaskuntza eraginkorragoa da.
Egilea: Harkaitz Zubiri