Maiz entzuten dugu gizakia otsoa bezalakoa dela gizakiarentzat, nork bereari begiratu behar diola bakarrik, eta horrelakoa dela bizitza ezinbestean. Ikerketek, ordea, beste zerbait erakusten dute: babes soziala daukazula sentitzeak hobetu egiten du osasuna. Babes soziala, funtsean, maitatua eta zaindua sentitzea da, eta elkarrekiko laguntza eta betebeharren sare baten parte zarela sentitzea. Halaber, literatura zientifikoan garbi ikusten da harreman onenak dauzkaten gizakiek joera dutela osasuntsuago egoteko eta urte gehiago bizitzeko.
Ikerketa askok aztertu dute besteengandik laguntza jasotzeak zenbat laguntzen dion osasunari. Aldiz, ez da hainbeste ikertu laguntzea zenbateraino den mesedegarria laguntza ematen duenarentzat. Horixe egin zuten Pittsburgh-eko Unibertsitateko Tristen K. Inagaki eta Kaliforniako Unibertsitateko Naomi I. Eisenberger ikertzaileek.
Aurretik egin ziren ikerketetan aurkitu ahal izan zuten besteei laguntzea mesedegarria izan daitekeela norberaren hilkortasun-tasa murrizteko, egun gutxiago gaixo pasatzeko, hipertentsio txikiagoa izateko, eta bizitzan hobeto eta zoriontsuago sentitzeko.
Inagaki eta Eisenberger ikertzaileek egin zuten esperimentuan 51 lagunek hartu zuten parte. Egoera estresagarrien aurrean nola erantzuten zuten analizatu zuten. Laborategian pasa zuten denboran, parte-hartzaile bakoitzaren estres-egoera hainbat eratara neurtu zuten: 1) afektiboki zenbateko antsietatea sentitzen zuten, 2) kardiobaskularki nola erantzuten zioten egoerari, eta 3) listuaren alfa-amilasa eta kortisola zenbateraino ekoizten zituzten.
Emaitzetan oso deigarria da nola bereizten diren erantzun psikologikoa eta erantzun fisiologikoa. Erantzun psikologikoari dagokionez, laguntza-jardueran murgildu zirenek eta ez zirenek berdintsu sentitzen zuten estresa. Aitzitik, erantzun fisiologikoa oso desberdina izan zen: fisiologikoki, laguntza-jardueran murgildu zirenek asko estres txikiagoa izan zuten, laguntza-jardueran parte hartu ez zutenek izan zutenarekin alderatuta. Aurretik egin izan diren ikerketetan ere ikusi izan dute erantzun psikologikoa eta fisiologikoa desberdinak direla. Dirudienez, erantzun psikologikoa eta fisiologikoa sare neuronal bereizietan oinarritzen dira, eta horregatik joka dezakete elkarrekiko hain desberdin.
Artikulu hori ale bat gehiago da jadanik sendoa den ikerketa-lerroan: dagoeneko ebidentzia zientifiko ugarik erakutsi dute elkarri laguntzea mesedegarria dela, onuragarria laguntza jasotzen duenarentzat, eta onuragarria laguntza ematen duenarentzat, betiere emaitzak positiboak izan daitezkeela aurreikusten denean.
Egilea: Harkaitz Zubiri