Díez-Palomar eta kideek argitaratutako artikuluak (How does dialogical talk promote student learning during small group work? An exploratory study) talde txikietan lan egiten duten ikasleen arteko interakzioak aztertzen dituen ikerketa jasotzen du. Ikerketa horren helburu nagusia ikasgelako elkarrizketetan interakzio motak identifikatzea da. Gainera, ikertzaileek interakzio moten eta ikasleek emandako erantzunen zehaztasunaren arteko loturan ere sakondu dute.
Emaitzen arabera, elkarrizketa dialogikoek ikaskuntzarako aukerak areagotzen dituzte, batez ere argudio-elkarrizketak dituztenean eta adostasuna bilatzen saiatzen direnean. Horrelako interakzioak errazago sustatzen dira talde txikietan, ikasleek maizago parte har baitezakete eta konpromiso handiagoarekin inplika daitezkeelako.
Nazioarteko Komunitate Zientifikoaren arabera, talde elkarreragileen bidez ikaskuntza-emaitza onenak lor daitezke. Jarduera arrakastatsu horretan zeregin zehatz bat ebazteko, ikasle guztien argudioak dira beharrezkoak, eta horiek aurkeztu ondoren adostasuna lortu behar dute elkarrekin. Izan ere, talde txikiak sortzen dira, eta bakoitzean boluntario bat da dinamizatzailea, haurren arteko interakzio dialogikoak bermatzeko. Ataza egiteko denbora amaitzen denean, ikasleak beste talde batera joaten dira hainbat ariketa egiteko, haur bakar bat ere atzean geratu gabe.
Aitzitik, parte-hartzaileek beren ikuspuntua inposatzen badute taldeak egiaztatzeko elkarrizketa-trukerako argumenturik eta aukerarik eman barik, ikasteko aukerak murriztu egiten dira. Horrelakorik ez gertatzeko, ikaskuntza dialogikoak benetako elkarrekintza eta ikaskuntza ahalbidetzen du. Horregatik, ikasle guztiek zehaztasunezko argudioak partekatzen eta besteenak errespetatzen badituzte, ikaskuntza sustatzen duten trebetasunak entrenatzeko aukerak areagotu egingo dira, eta, haiekin batera, ikasteko aukerak.
Hortaz, Diez-Palomar eta kideen artikulua oso baliagarria da boluntarioen prestakuntzarako, batez ere ikasleen artean zer interakzio eta elkarrizketa mota sustatu eta zein saihestu behar dituzten identifikatu ahal izateko.
Egilea: Garazi Alvarez