Haurrek jasaten dituzten biolentzia-egoerak giza eskubideen urraketa argia dira. Zoritxarrez, egoera horiek eskoletan ere gertatzen dira. Ikerketa ugarik baieztatzen dute, gaur egun, eskolan egoera biolentoak jasaten dituzten milioika haur daudela munduan zehar. Jazarpen hori pairatzen duten kolektibo zaurgarrienen artean berariazko laguntza-premiak dituzten ikasleak ditugu. Ikasle horiek lagun-sareak osatzeko izaten dituzten zailtasunek babesgabe uzten dituzte jazarpenaren aurrean. Horregatik, ezinbestekoa da ikasle horiek babesteko esku-hartzerik eraginkorrenak zein diren identifikatzea.
Gatazkak Prebenitzeko eta Ebazteko Eredu Dialogikoa (GPEED) elkarrizketan eta hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzean oinarritzen den esku-hartze bat da, zeinak edozein gatazka- edo biolentzia-egoeraren aurkako jarrera solidario eta aktiboa ahalbideratzen duten sareak sortzen dituen eskoletan. Eredu hori ezarri duten ikastetxeetan, kohesioa hobetzeko eta eskola-jazarpenari aurre egiteko oso eraginkorra dela frogatu da. Aitzitik, eredu hori ezarri duen Hezkuntza Bereziko ikastetxerik ez da aztertu gaurdaino.
Elena Duque eta kideek (2021) erantzun diote behar horri. Ikertzaileek GPEED Hezkuntza Bereziko ikastetxeetara transferi daitekeen aztertu dute, eta, era berean, testuinguru horietan eraginkor suertatzen den analizatu. Horretarako, Valentziako Hezkuntza Bereziko ikastetxe baten kasua aztertu dute. Ikastetxe horrek 3 eta 21 urte bitarteko 160 ikasle ditu, eta 2016-2017 ikasturtean GPEED ezartzea erabaki zuten. Ohiko ikastetxeetan erabilitako prozedura berberari jarraitu bazioten ere, euren ikasleen ezaugarriak kontuan hartuta (gehienek beraien desgaitasunaren ondorioz komunikaziorako zailtasuna eta bulkaden kontrol-falta agertzen dute), estrategia berri batzuk gehitu behar izan zituzten gatazkak agertu baino lehen prebenitzeko. Horrela, denek adostutako esaldi eta keinu sorta bat osatu zuten egoera erasokorren aurrean erabili ahal izateko. “Pentsatu, hitz egin, lagundu zaitzaket?” esaldia, zenbait keinuren laguntzaz, maiz erabiltzen duten esaldietako bat da.
Lau ikasturte hauetan zehar GPEED ereduaren ezarpenak eman dituen fruituak zein izan diren jaso ahal izateko, ikertzaileek zenbait irakaslerekin sakoneko elkarrizketak egin dituzte, baita adin desberdinetako ikasleekin osatutako talde-eztabaidak ere. Jasotako datuek adierazten dutenez, GPEED ikastetxean ezarri izanak eragin positiboa izan du hainbat eremutan. Batetik, eskola-giroan hobekuntza nabaria antzeman dute. Eredu horrek ikasleei eskaintzen dien parte hartzeko aukerak ikasleen ahalduntzea ekarri du, eta haien artean lagun-sare indartsuagoak sortzeko aukera eskaini. Bestetik, eskola testuinguru seguru bilakatzen lagundu du. Ikasleen ahotsak entzuten diren gune horretan, ikasleak zoriontsuago sentitzen direla adierazten dute, eta dagoeneko ez direla edozein harremanekin konformatzen. Orain badakite errespetuzko harreman osasuntsuak zer diren, eta horiek nahi eta eskatzen dituzte beraien bizitzetan. Izan ere, indarkeriarik gabeko gune seguruetan bizitzea ezinbesteko baldintza da bizitza osasuntsu eta zoriontsuak izateko.
Egilea: Leire Ugalde