Ezagutzen ez dugun hitz bat ikasi ahal izateko, behin baino gehiagotan izan behar dugu harekin kontaktua, normalean, behintzat. Zenbat eta kontaktu handiagoa, orduan eta aukera handiagoak izango ditugu hitz hori ikasteko. Hitz batzuk bi edo hiru aldiz entzutearekin nahikoa izan daiteke, baina, baldintzen arabera, hitz batzuekin 50 eta 100 kontaktu artean izan beharko ditugu, baldin eta benetan ikasi nahi baditugu.
Baina gakoa ez da bakarrik zenbat aldiz daukagun hartu-emana hitz batekin. Zenbait faktorek hitzen ikaskuntza azelera dezakete. Faktore horietako bat aztertu dute Kanadako Western Ontario Unibertsitateko Zhouhan Jin eta Stuart Webb ikertzaileek argitaratu berria den artikulu batean: ezagutzen ez ditugun hitzak koadernoan idazteak laguntzen al digu hitz hori ikasten? Txinako unibertsitate batean ingelesa ikasten ari ziren 18 eta 21 urte arteko 86 ikasle aztertu zituzten.
Emaitzek ez dute zalantzarako tarterik uzten: koadernoan idazten zituzten hitz ezezagunak ikasteko aukera 15 aldiz handiagoa zen. Dirudienez, hitz ezezagunak koadernoan idazteak bi eratara lagundu dezake hitza ikasten: batetik, hitzaren ahozko forma idatzizko formarekin lotzen lagundu dezake, eta, bestetik, jasotako informazioa berriro irakur daiteke. Era berean, ikerketak garbi erakutsi du apunteak errepasatzea estuki lotuta dagoela ikaskuntzarekin. Aztertu zuten ikasleen laginean, ikasleek aukeratzen zuten zer hitz idatzi. Itzulpenarekin batera idatzi zituzten hitzak ikasi zituzten ondoen.
Hitz ezezagunak idaztea, beraz, mesedegarria izan daiteke. Edonola ere, emaitza horiek ez dute esan nahi ikasleek eguna hitzen apunteak hartzen igaro behar dutenik. Praktikatzen duguna bakarrik ikasten dugu, eta, beraz, ikasleek hainbat hizkuntza-trebezia praktikatzeko aukera duten heinean ikasiko dituzte trebezia horiek. Esate baterako, hitz egiteko trebezia.
Egilea: Harkaitz Zubiri