Nazioarteko mailan lidergo dialogikoan ikertu duen goi-mailako zientzialariari galdetu diogu benetako ebidentzia zientifikoak nola bereizi. Gisela Redondo Samari hezkuntza-praktikan ondorio sakonak dituen eztabaida horri buruz elkarrizketa egin diogu Kaieran.
- Orain, gero eta pertsona gehiagok, baita lehen kritikatzen zutenek ere, aipatzen dute hezkuntza ebidentzia zientifikoetan oinarritzen dela. Nola bereizi ditzakegu ebidentzia horiek?
Ebidentzia zientifikoak eta ebidentzia ez dena bereizi ditzakegu munduko aldizkari zientifiko onenetan argitaratzen dena kontsultatuz. Zehazki, hezkuntza hobetzen duten ebidentziak Cambridge Journal of Education bezalako aldizkarietan argitaratzen dira, beste askoren artean. Hori da zientzialariok erabiltzen dugun iturri zientifikoa zientzia aurrera eramateko.
- Nola egiazta dezakegu sare sozialetan ebidentziak direla esaten den hori?
Sare sozialetan egiten diren iruzkin horietan iturri zientifikoak aipatzen diren ala ez egiazta dezakegu. Aipatzen badira, kontsultatu ditzakegun aipamenak izan behar dute, indexatuta dauden aldizkarietan eskuragarri daudenak, eta eragina izan behar dute, baieztapen horrek oinarri zientifikoa duen ala ez identifikatu ahal izateko. Oinarri zientifikorik ez badu, seguruenik post-a idazten duen pertsonaren iritzia edo balorazioa izango da. Sare sozialetan gauza asko esaten diren bezala, horiek iturri zientifikoekin lotuta badaude, berehala egiazta dezakegu iturrietara joz.
- Ebidentziarik gabeko “ebidentziez” hitz egiten dutenek zer bilatzen dute? Zein dira hezkuntza-praktikak “ideia” horietan oinarritzearen ondorioak?
Erraz identifika daitezke zientzialariak, eta oso azkar kendu dakieke mozorroa zientzialariak ez direnei. Zientzialariak direnak Google Scholar delakoan agertzen dira, H-Index garrantzitsuarekin, eta horrek bereizten ditu pertsona akademikoak ez direnengandik, eta ikertu izan balute bezala aurkezten dira, baina ez dute inoiz egin.
Hezkuntza-praktikak pertsona horien iritzian oinarritzearen ondorioak negargarriak dira hezkuntza-hobekuntzarako eta haur guztien etorkizunerako, haien etorkizuna eta aukerak higatzea dakarrelako. Gainera, norbaitek ikertu eta argitaratu gabe bere buruari zientzialari etiketa jartzea bere burua nahiz herritarrak engainatzeko modu larria da.
Horrez gain, nik uste dut ebidentzia terminoa oso modu orokorrean erabiltzen hasi direla, eta garrantzitsua da guk eta Kaiera bezalako komunikabideek bereizketa hori argitzea. Garrantzitsua da zaku berean ez sartzea zientzia dena eta ez dena.
Egilea: Andrea Khalfaoui