Ahozko hizkuntza ondo jakitea ezinbestekoa da ikasleen arrakasta akademikoa eta profesionala ziurtatzeko. Gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da ahozko komunikazio-trebetasunak garatzea, gainera, gizartean era aktiboan parte hartu ahal izateko. Hala ere, ikasgeletan, irakasleek hartu ohi dituzte hitz egiteko aukera guztiak, ikasleei espaziorik utzi barik. Ikerkuntzak erakutsi du, nahiz eta testuinguru dialogikoak onuragarrienak diren, bigarren hizkuntza ikasteko eskolak ez direla interaktiboegiak izaten.
Egoera horren aurrean, Santiago eta kideek (2022) Tertulia Literario Dialogikoen (TLD) eragina ikertu dute euskararen ahozko hizkuntzaren garapenean. Aztertutako taldea 15-16 urteko 23 ikaslek osatzen dute, eta gehienen ama hizkuntza gaztelania da. Konkretuki, 5 ikasle aztertu zituzten modu sakonean, TLDetan inoiz parte hartu ez zutenak eta euskara bigarren hizkuntzatzat zutenak. TLDko euskarazko 9 saio egin ondoren, emaitza hauek lortu zituzten:
- Ikasle horien parte-hartze maila handiagotu egin zen lehenengo saiotik azkenera. Ez hori bakarrik, indibidualki, ahozko hizkuntzaren konpetentzia garrantzitsuenetan gehienek aurrerapenak egin zituzten (hala nola hiztegia, laburtzea).
- Gainera, 5 ikasleko taldeak hobekuntza nabariak lortu zituen jariotasunean, mintzaldiaren antolakuntzan, maila kognitiboan (besteen ideien gainean eraikitzea, adibidez), eta maila sozial eta emozionalean (era aktiboan entzun eta era egokian erantzutea, besteen gaitasunen artean).
Emaitza horiek lehenago TLDei buruz egin diren ikerkuntzekin bat datoz, baina, kasu honetan, euskararen ahozko hizkuntzaren garapena aztertu duen lehenengo ikerkuntza da. Emaitza horiek, beraz, oso garrantzitsuak dira euskararen egoera kontuan hartuta. Izan ere, bigarren hizkuntzatzat duten ikasleek ez daukate horrekiko esposizioa izateko hainbeste aukerarik. Ikasle batek berak honako hau azaldu zuen:
Solasaldiek aurrera egin ahala, lasaitu eta konfiantza handiagoa hartzen genuen. Ikusi genuen ez zela ezer gertatzen, denek errespetatzen gintuztela, entzuten zigutela. Eta gero, iritzia askatasun handiagoz eta konfiantza eta segurtasun handiagoz ematean, gauzak lasaiago esaten dituzu eta hobeto hitz egiten duzu.
Egilea: Ane López de Aguileta