Urtero bezala, ikastaroa amaitzean, Kale dor Kayikok sari-banaketa antolatu du neska-mutilen ahalegina aitortzeko eta ijito ikasle izatearen harrotasuna erakutsi eta partekatzeko. Sari horiek familiekin eta ikastetxeetako irakasleekin batera banatzen eta ospatzen dira.
Edizio honetan, sariak Donostian (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean – II. eraikina) banatuko dira, ekainaren 15ean, 12:00etan, eta Bilbon, Deustuko Unibertsitateko Auditoriumean, ekainaren 20an, 11:00etan. Orain arte, elkarteak Kale Dor Kayiko Sarien 22 edizio egin ditu Bizkaian, eta beste 18 Gipuzkoan. Guztira, 40 edizio izan dira, eta ia 1.000 haur eta gazteri eman dizkiete sariak eta aintzatespenak.
Ijitoen elkarteak dioenez, arrakasta hori lortzea ezinezkoa izango litzateke neska-mutilen eta irakasleen ahaleginik gabe, haien familien laguntzarik gabe eta aniztasunean berdintasunezko elkarrizketa bultzatzen duten ekarpen pedagogiko inklusiborik gabe.
Aurten, sariak normaltasunez antolatu ezin izan dituzten bi urteren ondoren, aurreko jardunaldi bat antolatu dute, oso berezia, ekainaren 2an, 5etan, Deustuko Unibertsitateko Garate Aretoan, Bilbon. Bertan, beren komunitatearengatik eta komunitatearentzat lanean jarraitzeko gogoa eta ilusioa plazaratuko dituzte, eta erakutsiko dute ikasleek ahalegintzen jarraitzen dutela eta metodologia egokiarekin neska-mutil eta gazte guztiek arrakasta izan dezaketela eskolan.
Jardunaldi horretan honako hauek aurkeztuko dituzte: sarien 23. edizioa (esperientzia inklusiboa) eta jarduera horren inguruan Deustuko Unibertsitatearekin egindako hitzarmena, eta Ramón Flecha irakasleak (CREA-Community of Research on Excellence for All) parte hartuko du. “Ekintza inklusiboei” buruz hitz egingo du Flechak, eta sarien jarduera lagundu eta bultzatu duten hainbat pertsona ospetsu protagonista izan dituzten esperientziei esparrua emango die.
Erakundeak sarien aurreko jardunaldi horretan parte hartzeko helarazi digun gonbidapena luzatzen dizuegu. Izen-ematea esteka honetan egin dezakezue.
Egilea: Luisa Mari Puertas