Amartya Kumar Sen irakasle polifazetikoa, ekonomialari eta filosofoa, idazle eta soziologoa da. 1933an jaio zen Bengalan, akademikoen familia hindu batean. Senek analisi ekonomikoa erabiltzen du eta kontzeptu zabalagoekin erlazionatzen du pobrezia eta giza garapena neurtzeko: haren ikuspegiak gizakia eta bere askatasuna azpimarratzen ditu.
Ezaguna da goseteei, ongizate-ekonomiari eta pobrezia-mekanismoei buruz egindako lanengatik, baina, batez ere, giza garapenaren indizearen (GGI) formulazioan egindako ekarpenagatik, Mahbub ul Haq ekonomialari pakistandarrak kalkulatu baitzuen Garapenerako Nazio Batuen Programarako (UNDP, ingelesezko sigletan). Amartya Sen Harvard, Oxford eta Cambridgeko unibertsitateetako irakaslea izan da, eta, 1998an, Ekonomiako Nobel saria jaso zuen.
Sen salbuespena da XX. mendeko ekonomialarien artean, balioei buruzko gaiak behin eta berriz planteatzen dituztenak; Senek, aldiz, garapena kalkulatzean, «ondasunen» artean askatasuna eta justizia integratzea proposatzen du. Ekonomia klasikoaren garapen-indize gehienak, berriz, produktu nazionalaren hazkundean oinarritu dira. Testuinguru horretan, gizakiak produkzio-faktoretzat hartzen dira, eta, beraz, balio instrumental hutsa dute. Senek ez du ulertzen garapena hazkunde ekonomikorako bitarteko gisa, baizik eta giza askatasunaren hedapen moduan definitutako helburu gisa, bakoitzak aukeratzeko arrazoiak dituen bizitza eramateko gaitasunaren bidez. Horrela, hezkuntzak bizitza baliotsua izateko gaitasunak areagotzea defendatzen du.
Ildo horretan, hezkuntzaren eta osasunaren gizarte-aukeren arteko korrelazioa aztertzen du, bai eta biek askatasun ekonomiko eta politikoak nola osatzen dituzten ere, pertsona osasuntsu eta ondo hezi gisa, erabaki ekonomiko informatuak hartzeko hobeto egokitzen dela eta adierazpen politiko emankorretan parte hartzen duela, etab. Hazkunde ekonomikoa lortzeko, argudiatzen du erreforma sozialek —hala nola hezkuntzako eta osasun publikoko hobekuntzek— erreforma ekonomikoaren aurretik egon behar dutela.
Amartya Senek adierazle ekonomikoei eta sozialei egindako ekarpenen artean iraultzaileena «gaitasunen» ikuspegia da seguruenik, pertsona bakoitzak bere eskubideak askatasun erreal bihurtzeko izango lituzkeen gaitasunak, alegia. Gobernu bat, Senek dioenez, herritarrek garatzen dituzten gaitasun zehatzen arabera epaitu behar da.
Senek eragina izan du hezkuntza-ikerketaren esparruan. Giza garapenaren eta giza kapitalaren teorietan hezkuntzak duen funtzioa alderatu ondoren, gaitasunen hezkuntza-aplikazioak garapen sozioekonomikotik harago aztertzen dira, zehazki, askatasunaren eta hezkuntzaren arteko harremanean eta aniztasunaren arretari lotutako hezkuntza-kalitatean.
Amartya Sen eta Martha Nussbaum bat datoz esatean gizarte baten hobekuntza ezin dela soilik errenta nazionalaren hazkundean oinarritu, baizik eta pertsonek beren oinarrizko gaitasunen osotasuna lortzeko beste baldintza batzuk behar direla.
Mundu globalizatuan hezkuntzak duen garrantzia agerian jartzen lagundu du Senek, eta esparru horretan estatuek eta nazioarteko erakundeek egiten dituzten inbertsioak sustatzen. Zalantzarik gabe, horixe da Senek hezkuntzari egiten dion ekarpen sendoenetako bat, gaitasunen bidez pentsatzea hezkuntzaren dimentsio emantzipatzailea eta hezkuntzaren kalitatea edo arrakasta, ikasleen aniztasun kulturala eta sozioekonomikoa kontuan hartuta.
Egilea: Alfonso Caño