Ikerketa ugarik aztertu dituzte hainbat kulturatako ikasleek beren kultura bereko irakasleak dituztenean izaten diren hezkuntza-esperientzia positiboak, baita horrek ikasle horien hezkuntza-hobekuntza nola sustatzen duen ere, maila akademikoan zein bizikidetza-mailan.
Review of Educational Research aldizkari zientifikoan argitaratu den A Teacher Like Me: A Review of the Effect of Student-Teacher Racial/Ethnic Matching on Teacher Perceptions of Students and Student Academic and Behavioral Ootcomes artikuluak ikasle afroamerikarrek eta latindarrek ikasgelako portaerari eta errendimendu akademikoari buruzko kalifikazio hobeak zein neurritan jasotzen dituzten aztertzen du. Izan ere, proba estandarizatuetan nota altuagoak lortzen dituzte eta portaera positiboagoak dituzte irakasle afroamerikarrak edo latindarrak esleitzen zaizkienean.
Artikuluan funtsezko hainbat datu ematen dira. Alde batetik, irakasleek beren jardunean kultura-ulermen partekatua garatzeko duten funtsezko eginkizuna adierazten dutenak, eta, bestetik, ikasleek irakasleekin konpromiso handiagoa senti dezaketela adierazten dutenak, haien ahalegina, jarrerak edo portaera egokituz.
Haur Hezkuntzako etapan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo urteetan egindako ikerketen berrikuspenetik lortutako datuek azpimarratzen dute irakasleen arteko kultura-aniztasunak hobetu egiten duela irakasleek ikasgelako ikasleen portaerari eta gaitasun akademikoari buruz oro har duten pertzepzioa.
Aipatutako alderdiak oso garrantzitsuak dira ikasle horiek Bigarren Hezkuntzara iristen direnean, lorpen akademikorako duten gaitasunari buruzko itxaropenak areagotu egiten baitira. Gainera, Bigarren Hezkuntzan, ikasleek arrisku txikiagoa izaten dute diziplina-neurri baztertzaileak, absentismoa eta eskola-uzteak pairatzeko, eta handitu egiten da talentu eta gaitasun handiko programetan sartzeko aukera, ikastetxean haien kultura-identitatea partekatzen duten irakasleak daudenean.
Azkenik, esan behar da eragin sozialari buruzko ebidentzia zientifikoek aukera ematen dutela ikasle guztientzako kalitate goreneko hezkuntza eskaintzeko, inor atzean utzi gabe, eta irakasleak Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen (HJA) bide segurua egitera eramaten dituztela. Izan ere, ikasgelan adimen kulturalaren printzipioa bermatzen duen hainbat boluntario sartzea ahalbidetzen dute, hala nola talde elkarreragileen edo tutoretzapeko liburutegiaren bitartez. Modu horretan, ikastetxeak kultura-ulermena eskain dezake, deskribatutako azterlanak adierazten diguna bezalakoa, ikasleen aurrerapen akademikoa eta eskoletako harresiak gainditzen dituen bizikidetzaren hobekuntza bultzatzeko.
Egilea: Ane Olmedillo