Hamarkada batetik hona ikerketa ugari egin ari dira desgaitasuna duten haurrek indarkeria jasateko arrisku handiagoa dutela adierazteko. Horiek nabarmentzen dute desgaitasun fisiko, intelektual edo sentsoriala duten hiru haurretatik batek indarkeria motaren bat jasan duela bere bizitzan: fisikoa, emozionala, sexuala edo abandonua.
Egoera horiei aurre egiteko mundu-mailako sentsibilizazio-politika eta -neurrietan aurrerapausoak eman badira ere, azkenaldiko azterlanek erakusten dute ez dutela egoera hobetu, espero zitekeen bezala. Horien artean, Fang eta lankideek egindako ikerketan nabarmentzen da “Global estimates of violence against children with disabilities: an updated systematic review and meta-analysis” (desgaitasuna duten haurren aurkako indarkeriaren estimazio globalak: berrikuspen sistematikoa eta metaanalisi eguneratuak), “The Lancet Child and Adolescent Health” aldizkari mediko ospetsuan argitaratu dena.
Azterlanak desgaitasuna duten adingabeek jasaten dituzten indarkeria mota guztien intzidentzia handia erakusten du. Orain arte, erakunde publikoek zabaldutako azterlanek errenta altuko herrialdeen indizeak jasotzen zituzten beren datuetan, baina ikerketa horrek errenta baxu eta ertaineko herrialdeen datuak jaso ditu. Horrela, ikuspegi inklusiboagoa lortu da, desgaitasun eta indarkeria motetan aniztasun handiagoa sartu baita, hala nola bullying-ean eta ziberbullying-ean.
Ikerketak agerian uzten du egoera ahulean dauden haurrek indarkeria jasateko arrisku handiagoa dutela. Emaitzen arabera, desgaitasuna duten haurren babesean inplikatutako diziplina eta sektore guztien arteko lankidetza areagotu behar da, eta aplikatzen diren neurrietatik zein diren eraginkorrak eta zein ez aztertu.
Azterlanak ikuspegi berria eskaintzen du hausnarketarako eta indarkeria gainditzeko egin daitekeenari buruz. Desgaitasunerako Justizia Ekimena bezalako erakundeek positiboki baloratzen dute, eta gobernuei dei egiten diete egoera hori hobetzen lagunduko duten baliabideak eta informazioa komunitateei eskaintzeko. Ildo horretan, lider komunitarioen eta komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela egiaztatu da, baita egoera horiek eraldatzeko beste neurri eraginkor batzuk aplikatzea ere.
Egilea: Garazi Álvarez