Irakasleen formakuntza ikasleen arrakasta lortzeko faktore nagusietako bat da, ikasleen maila sozioekonomikoak baino eragin handiagoa duena. Hala ere, ikerkuntza zientifikoak erakutsi du irakasleen formakuntza askotan ez dagoela ebidentzia zientifikoetan oinarrituta eta hainbat ideia faltsu hedatu daitezkeela irakasleen artean. Ikerkuntzak dagoeneko irakasleen formakuntza dialogikoak izan dituen emaitza positiboak erakutsi ditu.
Ildo horretan, Rios eta kideek aztertu zuten zer eragin duen unibertsitatean dauden etorkizuneko irakasleengan eskolan Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuetan (HJA) parte hartzeak. Etorkizuneko irakasle horiek boluntario moduan parte hartu zuten Ikas Komunitateetan, Rovira i Virgili unibertsitateko programa baten barnean. Programaren hiru urteetan, 129 ikaslek hartu zuten parte, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako graduetako ikasleak zirela. Ikertzaileek 25 elkarrizketa egin zituzten (irakasleei, ikasleei eta eskoletako zuzendariei), baita eztabaida-taldeak ere, ikasturte bakoitzaren amaieran. Gainera, 56 inkesta egin zituzten. Esan beharra dago, programan parte hartu zuten ikas komunitateen artean, oso maila sozioekonomiko baxuko ikasleak eta familiak zeudela.
Emaitzen artean, ikusi zuten, alde batetik, unibertsitateko ikasleen formakuntzaren kalitatea eta esperientzia profesionala hobetu zirela, eta, bestetik, programa horrek eskoletako ikasleen ikaskuntzan emaitza positiboak izan zituela. Unibertsitateko ikasleen kasuan, ikasitako teoria errealitatean ikusten zutela argudiatu zuten, eta ebidentzia zientifikoetan oinarritutako formakuntza eta praktika horrek lehenago zituzten kontzepzioak aldatu zizkien. Bestalde, eskoletako umeen emaitza akademikoetan eta ikasteko motibazioan hobekuntza ikusi zen.
Laburbilduz, HJAek ikasleen gaitasun kritikoa sustatu zuten, eta aurretik zituzten aurreiritziak aldatu. Horrez gain, ikerketaren aurkikuntzetan azaldu zen bezala, hasierako fasean dauden etorkizuneko irakasleek HJAetan parte hartzeak haien irakaskuntza-trebetasunak areagotu zituen. Ondorioz, oso eraginkorra izan liteke boluntario-programak irakasleen karrerako lehen etapetan antolatzea.