Jeanne Challek sakon ikertu zuen haurrek nola ikasten duten irakurtzen, eta pobreziaren, irakurtzeko zailtasunen eta eskola-errendimendu txikiagoaren arteko erlazioa. Gainera, irakurketaren ikaskuntzaren diziplinarteko izaera finkatu zuen. Bere ekarpenak alfabetatze goiztiarrari buruzko eztabaidaren ibilbidea aldatu zuen XX. mendearen azken herenean.
1921ean Polonian jaioa, zazpi urterekin New Yorkera emigratu zuen familiarekin. 1952an Ohioko Estatu Unibertsitatean doktoratu zen. Lehentsuago, 1948an, Dalerekin izan zuen lankidetzaren ondorioz, Dale-Chall formulan sortu zuen, irakurgarritasuna aurreikusteko. Formula horrek hiztegiaren konplexutasuna eta testuaren irakurgarritasuna ebaluatzeko perpausen luzera konbinatzen zituen. 1965ean, Harvardeko Unibertsitatera joan zen bizitzera, eta 1967an, Irakurketa Laborategia sortu zuen bertan, eta zuzendu zuen erretiroa hartu zuen arte. 1999an hil zen, karrera arrakastatsua egin ondoren. Sari profesional ugari jaso zituen, azkena 1996an Dislexiako Nazioarteko Elkarteak emandakoa. Jeanne Challek adierazi zuen maistra izatea izan zela bere lanik garrantzitsuena.
1950eko eta 1960ko hamarkadetan haurren alfabetizazioan izandako krisi nazional bati erantzunez, Hiru urtez, Challek 1912tik 1965era arte irakurketari buruz egindako ikerketa guztiak berrikusi zituen. 1930etik haurrei irakurtzen irakasteko modurik onena fonetika baztertzea eta hitz eta perpaus osoak ezagutzea uste zela ikusi zuen, baita isileko irakurketan tematzea ere. Bere ikerketak metodo horiek ezeztatu zituen.
Challek fonetika eta goi-mailako literatura erronkaria erabiltzea defendatu zuen, haurrei irakurtzen irakasteko modurik onenak direlakoan. Horrela, irakurketaren ikaskuntzari buruzko bolo-bolo zebilen herri-sinesmen batzuk ezeztatu zituen. Irakurtzen ikastea “garapen-prozesu” bat bezala deskribatu zuen.
Konturatu zen dekodetze goiztiarrak hitzen ezagutza eta ortografia errazten zituela eta, gainera, irakurmena hobetzen zuela. Bereziki, maila sozioekonomiko baxuko haurrekin. Ohartu zen irakurle hasiberri batengan eragin handiagoa zuela letrak eta soinuak ezagutzeak koefiziente intelektualak baino.
Hala ere, Challek irakasleei, testuliburuen editoreei eta abarri ohartarazi zien historia onak eta ulermena kontuan har zitzatela eta ez zitezela soilik fonetikaren irakaskuntzan zentratu. Irakurtzen ikasten: eztabaida handia (1967), bere erreferentzia-liburuan, metodo arrakastatsu bakarra ez zegoela ondorioztatu zuen. Berak irakurketaren irakaskuntzaren “jakinduria konbentzionala” deitu zuena identifikatu zuen; hau da, haurrek esanahiaren bila irakurri behar dutela hasieratik, testuingurua kontuan izan eta irudien pistak erabili behar dituztela hitzak identifikatzeko. Halaber, hasierako irakurketa eta irakurketa heldua desberdinak direla jakin zuen, eta ondorio hori berretsi zuen Irakurketaren garapenaren etapak (1983) lanean. Haurrek lehenik irakurtzen ikasten dutela eta gero ikasteko irakurtzen dutela adierazi zuen.
Mezu argi eta biribila utzi digu: umeei irakurtzen erakustea zaila da. Trinkotasuna, trebetasuna eta pentsamolde irekia eskatzen ditu. Ikerketak metodo hobeak adieraz diezazkiguke, baina ondo prestatutako maisu-maistrek bakarrik balia ditzakete metodo onak beren ikasgeletan eraginkorrak izan daitezen.
Beste alde batetik, Chall telebistaren lehen defendatzaileetako bat izan zen haurrei irakurtzen irakasteko baliabide gisa. Aholkulari izan zen programa aitzindari askotan, hala nola The Electric Company, Between the Lions eta Sesame Street.
Bere bizitza profesionalean zehar, bere proposamenak ikerketen eta ebidentzien bidez baliozkotzeaz arduratu zen: «Gaur egun, iraganean bezala, ohikoa da hezkuntza-ikerketa ez den beste leku batean bilatzea, diru-sarrera txikiko haurren alfabetatze-arazoak ulertzeko eta arazo horiek konpontzeko moduak aurkitzeko. […] Kontuan hartu beharko lituzkete hezkuntza-ikerketaren aurkikuntza historikoak: irakaskuntza on batek errendimendua hobetzen duela eta, beraz, haur guztiak ahaldundu ditzakeela, eta, bereziki, arriskuan daudenak».
Laburbilduz, Challen kezka nagusietako bat irakurtzen irakastea izan zen, bereziki arriskuan zeuden haurrei, ikerketek baliozkotutako instrukzio batetik abiatuta.
Egilea: Alfonso Caño