Martxoak 27an Bruselako Europar Parlamentuan izateko aukera eduki nuen. Hainbeste aldiz telebistan ikusita nuen non arraroa egiten zitzaidan ni bezalako hiritar bat bertan egotea, hain urrun sentitzen nuen erakundearen barnean. Astelehenean, ordea, Europar Batasuneko Horizon 2020-k finantzatutako ALLINTERACT proiektuaren amaierako konferentzian egon nintzen. Azken finean, hori izan baita proiektu honen helburu nagusia: hiritarrok zientzian dugun parte hartzea zabaldu, areagotu eta dibertsifikatzea. Behin konferentzia amaitu eta egun batzuk igaro ondoren, onartu daiteke ALLINTERACT proiektuak helburu horretan pausu handiak burutu dituela. Stefaan Hermans-ek, Europar Batzordeko kideak, proiektuen emaitzen harira aipatu zuen bezala “herritarrak zientzian inplikatzeko modu oso berritzaileak” aurkeztu ziren. Proiektuaren harira sortu diren Sappho eta Adhyayana hiritarren zientzia plataformek oso balorazio onak izan zituzten. Gainera, konferentzian eguneroko bizitzan izandako testingantzak ezagutza akademikoarekin nahastu ziren, ondorioz, ezagutza zientifikoa aberastuz. Jarraian konferentzian bizitako zenbait momentu nabarmenduko ditut.
Alde batetik, metodologia berri arrakastatsuen inguruan oso interesgarria iruditu zitzaidan Rachel Taylorrek, Oxford Biomedical Research Center-eko ikerlariak, planteatzen zuena, hau da, zeinen garrantzitsua den ikerketa hobea eta zuzena izateko hiritar guztiak, baina bereziki baztertutako komunitateak, inplikatzea. Panel berean gehien hunkitu ninduen momentua iritsi zen, hau da, Patricia Rodrigok hitz egin zuenekoa. Rodrigo Casablanca Eskolako hiru haurren ama izateaz gain, eskolan antolatzen dituzten Solasaldi Zientifiko Dialogikoen partaidea da eta oso polita izan zen Ekintza Arrakastatsuak aplikatzen hasi zirenetik eskolak bizitako eraldaketa nola azaldu zuen. Rodrigok aipatzen zuen modura Ekintza Arrakastatsu hauek “historikoki isilean egon diren ahotsak kontuan hartzea” edo “genero-indarkeria adin goiztiarretik ukatzea” ahalbidetu diete.
Aurreko paragrafoan aipatzen zen ideia batekin lotuta, Sappho plataformaren inpaktuari buruzko panelean Emilia Aielloren, UABeko ikerlariaren, interbentzioaren zati bat berreskuratzea gustatuko litzaidake. Aiellok aipatu bezala “Sappho emakume ijitoek gizartean eragina duten ebidentzia zinetifikoetan oinarritutako elkarrizketetan parte har dezaketen mundu birtualeko leku urrietako bat da”. Honen inpaktua oso garrantzitsua da zeren emakume ijitoei buruz zabalduta dauden aurreiritzi edo mito asko gainditzea ahalbidetu du.
Bestetik, Adhyayana plataformaren inpaktuari buruzko panelean Ani Mamreyan-en, Lehen Hezkuntzako 3. mailan ikaslea den, hitzak azpimarratu nahiko nituzke: “Aurten Solasaldi Dialogikoak egin ditugu Adhyayana plataformarekin, gure bizitzan zerk lagunduko digun gehiago jakiteko. Bada argitalpen bat non esaten den adiskidetasunak bullying-etik babesten duela (…) Lagunak izateak bizitza salbatuko dizu. Adiskidetasuna altxorrik onenetakoa da.” Mamrey-anen ahotik entzudako hitz horietan agerian zen Adhyayana plataformak izandako inpaktua eta konferentziako une oso polita izan zen.
Bukatzeko Ramon Flecharen, ALLINTERACT proiektuko ikertzaile nagusiaren, hitzek asko motibatu ninduten. Flechak itxaropen handiz aipatu zuen gizarte dialogikoak mundu osoko bizitzak hobetzeko aukerak ematen dizkigula zientzia eta hiritarren elkarlana sustatuz. Asko eskertzen ditut Flecharen hitz hauek, baita konferentzian parte hartu zuten gainontzekoen interbentzioak ere, entzundako testigantza zein azalpenak motibazio handia baitira ni bezalako ikerlari berriok eraldaketaren alde ikertzen jarraitu ahal izateko.
Egilea: Aitor Alzaga