Azken aldian, hezkuntza arloan asko hitz egiten da estresak eragiten dituen ondorio negatiboez. Haatik, ba al dakigu benetan zer estres motaz ari garen?
Hezkuntza-erakundeek ikasleek ahalik eta potentzial handienarekin garatzeko behar dutena eman nahi diegu gure ikasleei, eta, hortaz, irakasle zein hezitzaileok oso zeregin garrantzitsua dugu.
Helburu hori gauzatzeko, oso adi egon behar dugu estresak garunaren garapenean izan dezakeen eraginaz, batik bat, egoera txarrean bizi diren ikasleekin eta gazteekin. Halaber, ikerketek zer dioten jakin behar dugu, estres horren eragin negatiboa arintzeko. Mehatxatuta sentitzen garenean, gure gorputzak nolabait erantzun fisiologiko bat aktibatzen du, hala nola, bihotz-erritmoaren igoera, presio arteriala eta hormonak, kasu honetan kortisola. Estresa sentitzen ari gara. Dena dela, estresari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu pentsatu behar estresak beti modu negatiboan eragiten digunik. Ikerkuntzak, honako hiru estres mota hauek bereizten ditu:
Estres positiboa: aktibazio fisiko eta mentalak egoera jakin bati aurre egiteko prestatzen gaituenean gertatzen da. Eguneroko arazoei aurre egiten ikastea garapen osasungarri baten zati garrantzitsua da.
Estres onargarria: zailtasun larriagoak agertzen direnean gertatzen da.
Estres kronikoa: kontrako esperientzia gogorrak, ohikoak edo iraunkorrak gertatzen direnean ematen da.
Aipatutako guztia aintzat hartuta, haurtzaro goiztiarrean gertatzen dena gure bizitzan zehar garrantzitsua izan daiteke. Gure gizartearen etorkizuna modu arrakastatsuan kudeatzeko, arazoak aitortu eta horiei ekin behar diegu, okerrera egin aurretik.
Hori horrela, haurtzaro goiztiarreko estresaren biologiari buruzko ikerketek erakusten dute, ezbehar handiagoek, hala nola, muturreko pobreziak, abusuak eo zabarkeriak, garunaren arkitektura ahuldu dezaketela eta estresari erantzuteko sistema etengabe erne jar dezaketela. Halaber, zientziak erakusten du, bizitzako lehen urteetan harreman egonkor, aberasgarri eta aproposak eskaintzeak estres goiztiarraren ondorio kaltegarriak aurreikusi edo irauli ditzakela, ikaskuntzarako, portaerarako eta osasunerako onura iraunkorrekin.
Agerikoa da, ebidentzian oinarritutako hezkuntza-politikak behar ditugula. Haurtzaro goiztiarra garatzen laguntzeko baldintza positiboak ematen dituztenak eta eraginkorrak direnak. Haurrak babesteko politika eta zerbitzu zabalak funtsezkoak izan daitezke bizitza ahalik eta bizitza osasuntsuena eta zoriontsua izan dezaten.
Egilea: Ane Olmedillo