Jaioberriei hainbat proba egiten dizkiete beren bizitzaren lehen egunetan, osasuntsu dauden egiaztatzearren. Ez da erraza izaten trantze hori txikitxoentzat. Lehen esperientzia horiek zerk arinduko dizkien identifikatu nahian, ikertu nahi izan zuten ea Mozart entzuteak eraginik ba ote zuen, eta orain aste gutxi argitaratu dituzte emaitzak.
Orpoaren proba egiten zieten bitartean, Mozarten sehaska kanta ospetsua jarri zieten ohearen ondoan zegoen bozgorailu batean. Haur Jaioberrien Min-Eskalaren (Neonatal Infant Pain Scale) bitartez neurtu zuten 100 haur jaioberriren mina. Musikak ikertzailearen behaketa baldintzatu ez zezan, bozgorailuaren musika neutralizatzen zuten entzungailuak jarri zituen ikertzaileak probak iraun zuen bitartean.
Emaitzek garbi erakutsi zuten musika hori entzuteak murriztu egiten zuela haur jaioberriek sentitzen zuten mina. Aurretik egin diren hainbat ikerketa klinikoren emaitzak berresten dituzte horrela. Ikerketa horietan ikusi izan da zuzeneko musikak eta grabatutako musikak aldaketak eragiten dituztela bizi-adierazleetan eta min-mailan.
Mozarten musika entzutearen ahalmena zenbaterainokoa den agerian uzten du ikerketa horrek. Hezkuntzarako erreferentzia ederra da. Edonola ere, nabarmentzeko modukoa da ikerketa horrek ez duela musikaren eragina oro har aztertu. Analizatu duena, zehazki, Mozart entzutearen eragina da. Musika klasikoa ikasle guzti-guztiek gozatzeko aukera izateak zenbateraino inpaktua izan dezakeen nahiko argi iradokitzen du.
Egilea: Harkaitz Zubiri