Irlandako errepublikan 200 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira egunerokoan. Etxean, biztanleriaren %13ak hitz egiten du ingelesa edo irlandar gaelikoa ez den beste hizkuntza bat. Atzerritik etorritako pertsonei esker batez ere, biztanleria %7,6 handitu da azken 6 urteetan, eta horrek nabarmen aberastu du herrialdea.
Biztanleriaren %1,7ak bakarrik hitz egiten du irlandar gaelikoa egunerokoan. Gaeltacht izenez ezagutzen den eremuan, eskolek hizkuntza gutxiagoturako murgiltze eredua eskaintzen dute: curriculuma irlandar gaelikoaren bitartez ikasten da. Gaeltacht eremutik kanpo, familiek aukeratu dezakete haurrak zer eredutan eskolatu: murgiltze ereduetan edo ingelesa oinarri duten eskoletan. Ingelesa oinarri duten eskoletan, irlandar gaelikoa irakasgai batean lantzen da soilik. Murgiltze ereduko ikasleek askoz emaitza hobeak lortzen dituzte irlandar gaelikoan, eta ingeleseko emaitzak gainerako eskoletako ikasleen parekoak izan ohi dira. Artean, ingelesa oinarri duten eskoletan kezka handia dute ikasleek lortzen duten irlandar gaelikoaren mailari buruz.
Testuinguru honetan, ingelesa edo irlandar gaelikoa hitz egiten ez duten familiek askoz gutxiago eramaten dituzte haurrak irlandar gaeliko ardatz duten eskoletara. Hori dela eta, duela gutxi argitaratu den ikerketa batek aztertu nahi izan du zerk bultzatzen dituen familia horiek murgiltze ereduen alde egitera.
Ikerketa horren arabera, familien arrazoi nagusia murgiltze eskolak aukeratzeko honakoa da: txikitatik hainbat hizkuntza ikastea bereziki garrantzitsua dela pentsatzen dute. Beraz, eleaniztasunaren onurak dira kanpotik etorritako familia horien arrazoi nagusia (linguistikoak, kognitiboak, metakognitiboak, sozialak, enplegagarritasunari begirakoak, ekonomikoak). Aldiz, aurretik, irlandar nazionalitatea zuten familiekin egin zituzten ikerketetan arrazoi nagusia irlandar gaelikoa ikastea zen.
Horrez gain, etorkin jatorriko familiek beste zenbait arrazoi ere nabarmendu dituzte: murgiltze ereduko eskolen izen ona erakargarria sortatu zitzaien aukeraketa egiterakoan, eta, gainera, eskolako zuzendariekin hitz egin zutenean, zuzendariarekin izan zuten hartuemanak eragin handia izan zuen eskolaren aldeko erabakian.
Eleaniztasuna ahalbidetzen duten murgiltze ereduak mesedegarriak dira ikasle guztientzat. Beraz, oso garrantzitsua da familiei informazioa helarazten zaienean, eleaniztasunaren onurak zeintzuk diren argi adieraztea, zeren litekeena baita informazio horrek familien interesekin bat egitea.
Egilea: Harkaitz Zubiri