Emakume ez-akademikoak, tradizionalki, zientzian parte hartzetik kanpo utzi dira. Azken hamarkadetan, gizarte-zientzien teoria dialogikoaren esparruan garatu den metodologia komunikatiboaren bidez, emakume ez-akademikoak sartu dira, beren eta komunitateen onurarako gai sozialen ikerketa-prozesu osoan. Hala ere, ikerketa gutxik aztertu dituzte emakume ez-akademikoen motibazioak, baita herritar guztienak ere, zientzian parte hartzeko. Hala, literatura zientifikoaren hutsune hori betetzeko Tertulia Zientifiko Dialogikoen papera aztertu dute Ruiz-Eugenio eta kideek, Nature taldeko Humanities & Social Sciences Communications aldizkari prestigiotsuan.
Tertulia Zientifiko Dialogikoetan (TZD), nazioarteko ikerkuntza zientifikoaren arabera, zientziarako zuzeneko hurbilketa sustatzen da, adina, generoa, kultura edo hezkuntza-maila bereizi gabe. TZDak ikaskuntza dialogikoan oinarritzen dira, Ramón Flechak lehenengo solasaldi dialogikoa sortu eta 17 urtera teorizatu zuena. ALLINTERACT proiektuaren barnean, ikertzaileek TZDak erreplikatu dituzte maila sozioekonomiko baxuko emakumeekin eta bi irakaslerekin. Beren seme-alabak auzoko eskola berera joaten dira.
Parte-hartzaileek TZDen erreplikagarritasunaren pertzepzioa bi eztabaida-talderen bidez aztertu zuten. Lehenengo txanda pre-test eztabaida taldea izan zen, eta bigarrena post-test eztabaida-taldea izan zen, TZDetan parte hartu ondoren. 11 saio izan ziren, non parte-hartzaileek generoari eta hezkuntzari buruzko artikulu zientifikoak aukeratzen zituzten elkarrekin irakurri eta eztabaidatzeko.
Emaitzen artean, parte-hartzaileen pertzepzioak aurreko ikasketekin bat egiten du. Haien hitzen arabera, TZD zientziarekiko interesa sortzen duen ekintza da, eta normalean zientzia-jardueretan parte hartzen ez duten taldeak barne hartzea lortu du. Ikerketa horien ekarpenekin bat eginez, parte-hartzaileek jakinarazi zutenez, TZDetan parte hartu zutenek zentzu-sorkuntza garatu zuten haiengan indarkeria eta genero-indarkeria eragozten duten heziketa-ekintzen ebidentzia zientifikoak ikasteko, beren bizitzan ezagutza eta trebetasun berriak identifikatu eta hura eragozteko aukera ematen duen hausnarketa mota bat lortzeko.
TZDetan parte hartu ondoren emakume askok azaltzen zituzten zientziarekiko jarrera-aldaketen artean, aipatuenak beldurra galtzea eta jarduera zientifikoetan parte hartzeko gogo-falta gainditzea izan ziren. Parte-hartzaile batzuek adierazi zutenez, irakurritakoa eztabaidetan partekatu behar izateak irakurtzeko helburuak ezartzera behartu zituen. Horrez gain, parte-hartzaile bakoitzak argiztatzen zituen paragrafoak partekatuz eta berdintasunezko elkarrizketa abiatuz, artikulu zientifikoak irakurtzeko beldurra galtzen lagundu zuten.
Egilea: Ane López de Aguileta
Argazkia: Unsplash