Duela gutxi unibertsitate bateko hitzaldian egoteko aukera izan nuen. Ekitaldi hartako hizlariak indarkeria matxistaren inguruan hitz egin zuen. Azaldu zituen hainbat gauzen artean, berak esandako bulo bat nabarmentzea gustatuko litzaidake: “Etxeetan biktima izan diren eta genero indarkeria jasan duten haurrak bortitzak eta erasotzaileak izango dira etorkizunean”. Ez da lehenengo aldia osasun mental eta hezkuntza profesionalen eskutik halako okurrentzia kaltegarria entzuten dudala.
Zoritxarrez eztabaida ez zientifikoetan oso hedatuta jarraitzen duen bulo bat da, baina tamalez ezaguna. Gezur honekin amaitzeko eta guztiz desmuntatzeko, garrantzitsua da ebidentzia zientifikoetan oinarrituz azaltzea. Izan ere, euskarri zientifikorik gabe ondorioak ateratzeak eta emaitzen interpretazioan akatsak egiteak bulo honen zabalkundeari eusten dio eta horrek ondorio oso larriak dakarzkie hainbat pertsonei, bereziki haurrei.
Indarkeriaren biktima izan diren haurrak etorkizunean erasotzaile bihurtuko direla baieztatzea iruzurra ez ezik, bizi duten errealitate zaila eraldatzen laguntzetik urrun, berriro biktima bihurtzen ditu. Lehenik, indarkeria jasatzeagatik, eta, bigarrenik, etorkizuneko erasotzaile izatearen etiketara kondenatzeagatik.
Literatura zientifikoan adostasun argia dago (eta Shappo plataforman kontsulta daiteke) ez dagoela kausa-harremanik haurtzaroan genero indarkeria jasan izanaren eta etorkizunean indarkeria egitearen artean.
Oraindik ez dago argi mutiko edo neska batek etorkizunean indarkeria praktikatzearen arrazoia zein den. Aldiz, argi dago hauen lehen harreman afektibo-sexualak (esporadikoak zein egonkorrak) eta berdinen taldeak funtsezko gakoak direla.
Beraz, hau guztia argituta, zer egin dezakegu hezkuntza-arloko profesional bezala bulo honen aurrean? Hona hemen funtsezko bi gako:
- Indarkeria gainditzeko emaitzarik onenak erakutsi dituzten jarduerak aplikatzea. Hau da, puntako aldizkari zientifikoetan argitaratutakoak eta arrakasta erakutsi dutenak hainbat eremuetan.
- Hezkuntza komunitate osoak indarkeria jasaten duten neska-mutilei babesa ematea, baita biktimen eta hauek babesten dituztenen alde posizionatzea, haien birbiktimizazioa sustatzen duten iruzurrak guztiz baztertuz.
Indarkeriaren eraginpean dauden haurrei babesa eta erantzun egokia eta eragikorra ematea gure esku dago. Desmunta dezagun bulo kaltegarri hau, biktimak birbiktimizatzeari utziz.
Argazkia: Unsplash
Egilea: Ane Olabarria