Julian Packheiser Bochumeko (Alemania) Ruhr Unibertsitateko neurozientzialariak gidatutako azterketa berri batek froga sendoak eman ditu helduengan eta haurrengan osasunerako kontaktu fisikoak dituen onurei buruz. Ikerketa honetako aurkikuntzek nabarmentzen dute ferekek eta besarkadek estres-adierazleak murriztu ditzaketela depresioa duten pertsonen artean, eta, gainera, gurasoen larruazalarekin zuzeneko kontaktuan dauden jaioberrien pisua handitzen lagun dezaketela.
Julian Packheiserrek, Alemaniako eta Herbehereetako erakundeetako lankideekin batera, azterketen berrikuspen bat argitaratu du. Bertan, besteek gu ukitzea gure osasunari nola eragiten dion sistematikoki aztertu zuten. Berrikuspen sistematikoa eta maila anitzeko metaanalisia da, eta metaanalisian 137 azterlan eta berrikuspen sistematikoan 75 azterlan gehigarri biltzen ditu, guztira 212 azterlan, eta horietan 12.966 pertsonak parte hartu zuten. Google Scholar, PubMed eta Web of Science bidez egindako bilaketa bat da, 2022ko urriaren lehenera arte.
Lanak erakusten du ukipenezko esku-hartzeak egokiagoak direla helduen eta haurren mina, depresioa eta antsietatea murrizteko, bai eta jaioberrien pisua handitzeko ere. Gainera, fereken eraginkortasuna erlatiboki berdina izan zen populazio kliniko eta osasuntsuetan, eta aztertutako kultura guztietan, adin-taldeetan eta sexuetan. Aurkikuntza horiek bat datoz gai honi buruzko aurreko meta-analisiekin, eta haien ondorioak eta sendotasuna oinarritzen dira datu-multzo gehiago gehituta.
Azterlanaren helburua da “ukipenezko esku-hartzeak” mota guztietako gaitzentzako terapia gisa erabiltzeko aukerari buruzko ikerketan aurrera egitea, baina Packheiserrek elkarrizketa batean azaldu duenez, “Baimena ezinbestekoa da gizakiengan minaren, antsietatearen eta depresioaren sintomak hobetzeko”, eta egindako ikerketa horietan ukimena beti onartu izan dela adierazi du.
Izan ere, adostasun positiboa funtsezkoa da harreman osasungarriak izateko. Horrek esan nahi du kontaktu fisikoari buruzko muga pertsonalak argi eta garbi komunikatzen jakitea eta gainerakoenak errespetatzen jakitea, eta hori txiki txikitatik ikasi behar dugu. EZ DA EZ hezkuntzan heztea lehentasunezko erronka da familientzat, hezitzaileentzat eta irakasleentzat.
Argazkia: Unsplash
Egilea: Isabel Mendizabal