Eskola indarkeriaren aurka hainbat programa edota jarduera daude, baita antolatzen diren hitzaldi eta jardunaldi ere. Pertsona askok egiten dugu lan mundu mailako arazo larri honi buelta eman nahian, eta hori berri oso ona da! Aldiz, borroka honetan aurrera egiteko eta benetan eskola indarkeriarekin amaitzeko (edota behintza aurrerapauso handiak egiteko) oso garrantzitsua da funtzionatzen duten ekintzak egitea, gure ikastetxeetan efektua ikusteko eta gure ikasleak hobeto egoteko, hori baita helburua.
Hainbat gako daude helburu amestu horretatik egunetik egunera gertuago egoteko. Hemen gako batzuk: isiltasuna haustea, gure ikasleak “upstanderrak” izatea, erakargarritasuna lantzearen garrantzia, salatari eta ausarta izatearen desberdintasuna lantzea, etab.
Aldiz, programa zein hitzaldi batzuetan, askotan oso arin aipatzen dira gako hauetako batzuk eta, inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoak ez baditugu kontuan hartzen, nahasmena sortu dezake, kontrako efektua lortzera arte.
- Isiltasuna haustea: eskola indarkeriari aurre egiteko, testiguak aktibatzea behar dugu, beren ahotsa altxatzea eta gertatzen dena salatzea. Hau da, isiltasunarekin haustea. Aldiz, ez da oso ohikoa izaten, ikasleek errepresalien beldur izaten direlako, normala den bezala. Garrantzitsua da gure ikasleei isiltasuna hautsi behar dutenaren mezua zabaltzea, baina beti ere erramintak eta babes guztia emanez, eta ondo aterako den ziurtasuna eta segurtasuna izanez. Izan ere, baliteke isiltasuna hausten duen ikasleak ondorio oso larriak izatea.
- Genero Indarkeria Isolatzailea: isiltasuna hausten duen pertsona, sarri erasotzailearen hurrengo helburua bilakatzen da. Hori dela eta, biktima babesten duenak ere babesa izatea ezinbestekoa da.
- Bokazioa duten irakasleak (bakarrik?): urteak daramatzat irakasleek izan behar duten bokazio miresgarri hori entzuten, irakasleak bi taldetan banatuz: bokazioa dutenak “onak” eta bokaziorik ez dutenak “txarrak”. Aldiz, asko mugatzen dugu irakasleon papera bokazioan bakarrik oinarritzen bagara. Ez dut esaten bokazioa txarra denik, alderantziz. Borondate oneko irakasleak behar ditugu, ilusioarekin lanean dabiltzanak eta ikasleentzat onena nahi dutenak. Aldiz, horrekin bakarrik hankamotz gelditzen gara. Ramón Flecharen Gizarte Dialogikoa liburuan honela agertzen da:
“COVID-19aren pandemiaren lehen hilabeteetan, osasun-langileek ahalegin harrigarriak egin zituzten (…). Hala ere, zientziak ekarritako txertoak iritsi zirenean babestu zen ongien gure osasuna. Hobekuntza soziala bi faktoreren arteko biderketa gisa ulertuta sinplifika daiteke: lehena (ahalegina eta motibazio profesionala) 10 izan arren, bigarren faktorea 0tik hurbilago badago, emaitza ez da oso egokia. Bi faktoreak 10era hurbiltzen direnean soilik lortzen da bikaintasuna. Bigarren faktorea une jakin batean dauden ezagutza zientifikoek osatzen dute”.
Berdina gertatzen da irakasleekin. Irakasleek bokazioa izatea noski garrantzitsua dela, baina beraien ekintzak ez badira inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoetan oinarritzen, oso zaila izango da eskola indarkeriari buelta ematea.
4. Inpaktu Sozialeko Ebidentzia Zientifikoak (SESI) ekiditea: jardunaldi, formakuntza, hitzaldi eta hainbat jarduera desberdinetan SESI-ak ekiditen badira, ez dugu helburua lortuko.
Laburbilduz, eskola indarkeria murrizteko egin beharrekoa oso argi dago. Europako Batzordeak argitaratutako txosten honetan oso argi azaltzen dira zein programek ematen dituzten emaitzarik onenak eta aldiz, zeintzuk ez duten funtzionatzen. Utz ditzagun buloak alde batera eta jar ditzagun martxan ikastetxeetan frogatuta dauden ekintzak eta beste ikastetxeetan eskola indarkeria murriztea lortu dituztenak.
Egilea: Ane Olabarria