Atzo, 2024ko urriaren 2an, “Enhanc-ed: Enhancing Education for All in Plural, Socioculturally Diverse and Multilingual Contexts” ikerketa-proiektuaren lehenengo bilera egin zen Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Donostian. I+G proiektu hau Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak, Estatuko Agentziak eta Europar Batasunak finantzatzen dute. Proiektu honek 39.000 euroko aurrekontua du eta datozen hiru urteetan garatuko da
Euskadiko, Valentziako, Kataluniako eta Asturiasko unibertsitateetako ikertzaileak bildu ziren atzo Harkaitz Zubiri Esnaola doktoreak gidatuko duen proiektua abian jartzeko. Proiektua CREAren (Community of Researchers on Excellence for All) ikerketa-ibilbide sendotik abiatzen da, erraldoien sorbalda gainean, Ramón Flecha doktoreak zuzentzen duen Horizonte Europa REVERS-ED proiektuarekin lerrokatuz. Flecha da munduan ikertzaile zitatuena inpaktu sozialaren eta genero-indarkeriaren esparruan.
Enhanc-ed-en helburu nagusia eskolan desberdinkeriak gainditzen laguntzea da, batez ere testuinguru eleanitzetan, non ikas-hizkuntza menderatzen ez duten ikasleek erronka handi bati aurre egin behar izaten dioten. Horri aurre egitearekin batera, elkarbizitza hobetzea ere lehentasunezko helburua da Enhanc-ed proiektuarentzat. Ez dira bereiz doazen helburuak. Elkarri estuki lotuta doaz. Elkarrengan eskulako eragina daukate.
Beraz, honakoak dira Enhanc-ed proiektuaren helburu zehatzak:
• Emaitza akademikoak eta ikasle guztien bizikidetza hobetzeko eskuhartze eraginkorrak identifikatzea, arreta berezia jarriz familia-ingurunekoak ez diren irakas-hizkuntzetan ikasteko erronketan.
• Eskola-ingurune seguruak eta kalitatezkoak sustatzea, eskola-indarkeriari eraginkortasunez heltzeko eta aniztasunean eta bizikidetzan oinarritutako giza harremanak sustatzeko.
• Eskuhartze horien inpaktu sozialari buruzko ebidentziak identifikatzea, kontuan hartuta funtsezkoa dela eskuhartze horiek jasangarriak eta beste testuinguru batzuetara transferitzeko modukoak izan behar direla.
Helburu horiek lortu ahal izateko, ikerketaren ardatz izango dira inpaktu sozialerako orientazioa eta ezagutzaren ko-eraikuntzan oinarritutako ikerketa. Izan ere, hobekuntzarako eskuhartzeak identifikatzea da helburua, eta hori lortzeko modua ikertzaileen eta hiritarren arteko elkarrizketa da bitartekoa.
Egilea: Kaiera