Reem Alsalemek, Nazio Batuen Erakundeko emakume eta nesken aurkako indarkeriaren Errelatore Bereziak Prostituzioa eta emakumeen eta nesken aurkako indarkeria txostena aurkeztu zuen. Txosten horretan, emakumeen aurkako indarkeria eta sexu-esplotazioa aztertzen ditu, prostituzioaren kausa eta ondorio gisa. Txosten hori egiteko, Errelatoreak Estatuen eta gizarte zibileko eragileen 300 bat ekarpen jaso zituen, eta zazpi kontsulta online egin zituen, kontinente guztietako 86 adituekin eta esperientziak bizi izan zituzten emakumeekin.
Txostenan planteatzen du prostituzioa indarkeria-sistema bat dela, emakumeak eta neskak merkantzietara murrizten dituena, eta pornografiak prostituzio filmatua dela. Era berean, prostituzioa ezin dela lantzat hartu defendatzen du, prostituzioari datxezkion giza eskubideen urraketa larriengatik eta ondorio fisiko zein psikologiko larriengatik, hala nola: oroimena galtzea, depresioa, insomnioa, elikadura-nahasmenduak, substantzien abusua, disoziazioa eta joera suizidak, suizidioak, sexu-transmisiozko gaixotasunekiko eta GIBarekiko esposizioa, infekzioak, antzutasuna, umetoki-lepoko minbizia eta bizi-itxaropenaren murrizketa, besteak beste.
Alsalemen ustez, sexu-lana bezalako terminoak erabiltzeak prostituzioa normalizatzen du, eta gizonentzat eta haurrentzat kaltegarriak diren espektatiba sexualak sortzen ditu, eta gizartean emakumeen eta nesken parte-hartze seguru eta berdintasunezkoa ahultzen du.
Eredu legegile eta politiko desberdinak aztertu ondoren, esparru juridiko abolizionista baten alde egiten du, non Estatuek biktimak babesteko eta laguntzeko erantzukizuna duten. Ikuspegi hori hartu duten herrialdeetako auzitegiek ebatzi dute prostituzioa ezin dela bereizi proxenetismotik eta pertsonen salerosketatik, giza duintasunaren aurka egiten duela eta emakumeek berdintasunerako duten eskubidea ahultzen duela.
Ikuspegi abolizionista hori hainbat herrialdetan aplikatzen da, eta emaitza positibo zehatzak erakutsi ditu, esplotatutako edo esplotatzeko arriskuan dauden pertsonen egoera hobetzean, erosleak uxatzean eta genero-estereotipo kaltegarriak murriztean. Herrialde horietan, nabarmen jaitsi da prostituitutako emakumeen hilketen kopurua, eta kasu bakar bat ere ez da erregistratu, Suedian gertatzen den bezala. Gainera, ildo beretik, nazioarteko zuzenbideak ezarri du adostasuna garrantzirik gabekoa dela pertsonen salerosketako eta besteren prostituzioaren esplotazioko delituen esparruan.
Laburbilduz, honako hau planteatzen da: “Estatuek despenalizatu egin behar dute emakume eta neskatoen prostituzioa, biktima gisa tratatu behar baitituzte, laguntza integrala eta irteteko bideak eman behar dizkiete, eta sexu-ekintzen erosketa zigortu eta proxenetismoaren aurkako neurri zorrotzak aplikatu behar dituzte”.
Egilea: Mª Luisa Jaussi