Azken urteetako datuen arabera, Portugalek lortu du hobekuntza handiena ELGAk egiten dituen probetan. Hezkuntzan nabarmena da hobekuntza (PISA, 2015).
2005. urtean Portugal PISAko batez bestekoaren azpitik zegoen proba guztietan. Hamar urte geroago, berriz, batez bestekoaren gainetik dago, eta Espainiako estatuaren emaitzak gainditzen ditu proba guztietan. Horrez gain, eta askoz garrantzitsuagoa dena, eskola uzten dutenen ehunekoa 25 puntu txikitu da (%38,5 etik %13,7ra). Gizarteak ontzat hartzen duen kalitatezko eta berdintasunezko eskola publikoa lortu nahi dute portugaldarrek. Horretarako, 1986. urtean adostutako legean oinarriturik, sistema eraginkorragoa lortzeko asmoz, erreformak egin dituzte hainbat arlotan, eskoletan partaidetza handitzeko eta hezkuntzako gastu publikoa areagotzeko, besteak beste.
Emaitza horiek sakonki aztertuz, beste datu esanguratsu batzuk aurki daitezke. Alde batetik, irakasleen trebakuntza sendotu egin da. Gaur egun euren lanerako derrigorrezkoa dute, Gradua egiteaz gain, Master bat ere egitea. Trebakuntza indartzeak beste ondorio bat ere izan du: irakasleen soldaten igoera ekarri du. Bestetik, eskoletako autonomia handitu egin dute eta horri esker ikerkuntza eta berrikuntza erraztu egin dituzte.
Hezkuntza ministroak eta hainbat adituk diotenez, kontuz ibili behar da arrakastak sor ditzakeen arazoetan ez jausteko: irakasleen lana soilik probetan agertzen diren arloetan oinarritzea; arreta irakaskuntzari eskaini beharrean, ahalegina azterketak egitera bideratzea; edo eskolan landu behar diren beste konpetentziak baztertzea (pentsamendu kritikoa, adibidez). Arrisku horiei lehenbailehen egin behar zaie aurre.
Dena den, lortutako emaitzak ez ditu inork ezbaian ipintzen. Horren adierazle da gero eta familia gehiagok eskolaratzen dituztela euren seme-alabak eskola publikoetan.
Egilea: Jesús Marauri