Azken hamarkadan gizakien hizkuntza-sistemaren eskurapenari buruzko hainbat informazio berri eman da argitara. Ekarpen esanguratsuenetariko batzuk Eric Kandel Medikuntzako Nobel Saridunak bildu zituen Principles of Neural Science eskuliburuan.
Hain zuzen, Patricia K. Kuhl-ek eta Antonio R. Damasio-k “Language” izeneko kapituluan azaltzen dute eredu unibertsal baten arabera garatzen dela haurrengan ematen den hizkuntzaren eskurapen-prozesua bilakaera. Diotenez, garapen prozesu horretan haurrek eskurapen-patroi bera dute euren kultura, ingurune linguistiko edo herrialdeak direnak direlarik ere.
Hori dela eta, bizitzako lehen urtea betetzen dutenerako, testuinguru jakinetan izan dituzten hizkuntza-esposizioak direla medio, kodea bereganatu eta produkzio sinpleak egiten hasten dira. Zehazki, lehen urteko bigarren seihilekoan dute ahozko gaitasuna lantzeko tarterik sentikorrena. Memento horretan, haurrari giza-interakzio bidez helarazten zaion inputak garrantzi nabarmena du. Izan ere, hori da ikasteko modurik eraginkorrena, bestelako euskarrietan helarazten zaizkienarekin alderatuz gero. Hori dela eta, interakzio sozialak berebiziko garrantzia dauka prozesu horretan.
Zuzeneko kontaktu horrek, hain zuzen, eraginkortasun nabarmenagoa du bigarren hizkuntzaren eskurapen-prozesuan, ikus-entzunezko faktoreak ere garapenean lagungarri direlako. Zehazki, honakoak dira bigarren hizkuntzaren eskurapena edo jabetze prozesua errazten duten elementuak: hizkuntza berriaren gune sozialetan murgiltzea, ikus-entzunezko informazio baliabideak erabiltzea, eta helduek haurrei hitz egiteko darabilten erregistro sinplifikatuaren eraginpean jartzea, hau da, tonu altua eta intonazio argia erabiltzea eta astiro hitz egitea.
Horrenbestez, neurozientziaren arabera, hizkuntzaren eskurapen-prozesuan ezinbestekoak dira aurrez aurreko giza-interakzioak. Kandelen eta bere kideen ekarpenek zera azpimarratzen dute: hizkuntza-eskurapenerako aberatsak diren hezkuntza-giro emankorrak sortu eta sustatu behar dira.
Egilea: Maite Santiago