Azken urteotan ikastetxeetan gertatu den materialen digitalizazio-prozesua eta IKT baliabideen erabilera gero eta agerikoagoa da. Errealitate hori oinarritzat hartuta, gero eta ikerketa gehiago garatzen ari dira fenomeno horrek ekartzen dituen ondorioen berri emateko asmoarekin. Horren adierazgarri da, besteak beste, Mangen, Walgermo eta Bronnick-ek egindako ikerketaren baitan ondorioztatu dena.
Hain zuzen, ikerketan garatzen den azalpenaren ildotik, testuak inprimatuta irakurtzen dituzten ikasleek emaitza nabarmen hobeak izaten dituzte irakurrizko ulermena neurtzen duten probetan, testuak euskarri digitaletan irakurri dituztenekin alderatuz gero. Ikertzaileek adierazitako datuen arabera, faktore garrantzitsua da pantaila bidezko irakurketetan aurrera egiteko testuaren bista txandakatzen ibili behar izatea.
Testuaren higidura eta ezegonkortasun horrek, ikerketak ondorioztatutakoaren arabera, irakurketa zailtzen du. Gertaera horrek negatiboki eragiten die irakurleak dituen irudikapen mentalei, eta ulermena oztopatzen du. Izan ere, testuaren espazioren irudikapen mental argia izatea lagungarri suertatzen da irakurritakoaren ulermena hobea izan dadin. Honen harira, ikusmen eta ukimenaren bidez irakurgaia bere osotasunean eskura izateak hark duen hedadura eta dimentsio fisikoa ezagutzea posible egiten du. Pantaila bidezko irakurketak, mapa-mentalen nahasmena dakarrenez, materialen ulermen eta oroimen eskasagoa eragiten du.
Ondorioz, kontuan izan beharreko ondorio pedagogikoen artean, nabarmendu beharrekoa da irakurgaiak ikasleei helarazteko euskarria aldatzeak eragina izango duela irakurritakoaren ulermenaren errendimenduan. Horrenbestez, alde batetik, inprimatutako testuak egokiagoak dira ikasketa sakonagoak lortzeko. Bestetik, baliabide elektroniko bidez irakurtzen direnak gain-irakurketa eta irakurketa-arinak egiteko bideratzea litzateke egokiena.
Egilea: Maite Santiago