39.506 pertsonek eskatu zuten Harvard Unibertsitatean sartzea 2021eko ikasturterako, baina horietatik soilik 2.037 onartu zituzten, %5,2 alegia.
Onartuen artean egotea are zailagoa da zure bizitza osoa pasa baduzu behartsuentzako aterpetxeetan, ospitaleko oheetan eta moteletako logeletan. Halakoa zen Richard Jenkins-en bizimodua, baina, hala eta guztiz ere, Jenkins tematu egin zen derrigorrezko hezkuntzako ikasketetan, institutuan gelako ikasle hoberena izendatu zuten, eta, azkenik, Harvarden toki bat lortu ahal izan zuen.
6. mailan zegoenean, lagun batek non bizi zen galdetu zion eta hura ez zen ausartu aterpetxe batean bizi zela esatera. Une hartan erabaki zuen eskolan kontzentratzea, nahiz eta horren ondorioz ikaskide batzuk orduan hasi zitzaizkion zirikatzeko “Harvard” deitzen. “Momentu horretan konturatu nintzen buru belarri hasi behar nuela ikasten, zeren, noizbait seme-alabak badauzkat, ez dute sufritu behar nik sufritu dudana”.
Asmo horrekin eman zuen izena Mighty Writers izeneko programan. Irabazi-asmorik gabeko erakunde batek eskaintzen du eskolaz kanpoko laguntza, baliabiderik ez duten ikasleei ikasketetan bultzatzeko. Programa horren laguntzaz institutu selektibo batera iritsi zen. Prozesu horrek eragindako estresarengatik eta bizi izan zituen beste hainbat egora gogorren ondorioz, ospitalean bukatu zuen behin baino gehiagotan, baina azkenean beka baten bidez Girard College-n sartzea lortu zuen, non gelako ikasle onena izatea lortu zuen.
Harrezkero, hainbat unibertsitatetan eman zuen izena: Pennsylvaniako unibertsitatean itxarote-zerrendan gelditu zen, Yale-k atzera bota zuen; Harvard-ek, berriz, onartu egin zuen, beka osoa emanez. Orain Informatika ikasiko du, “Siri intuitiboago bat” asmatzeko helburuarekin.
Jenkisen-ek bere bizipenetan pentsatzean zera dio: “Eskolak berea bezalako esperientziak bizi dituzten haurrei lagundu beharko lieke batez ere, irakasle eta ikasleen arteko komunikazioa bermatuz. Izan ere, norekin hitz egin izateak alde handia suposatu dezake egoera zailean dagoen ikasle batentzat”.
Egilea: Laura Alvarez