Munduko toki askotan neska jaiotzeak eskolara joateko aukera gutxiago izatea ekartzen du, baita adin nagusikoa izan baino lehen borondatearen kontra ezkontzeko aukera ere. Oinarrizko osasun-eskubidea ere ukatzen zaie neskato askori, eta askok sexu-jazarpena sufritzen dute.

Munduan 1.100 miloi neskato dago; horietatik, eskola-adinean dauden 62 miloi ez doaz eskolara. Horrez gain, prestakuntza jasotzen ez duten edo enplegurik ez duten 15 eta 24 urte bitarteko 600 miloi gazte daude munduan, gehienak neskak.

Neskato nerabeen beste arazo larri batzuk ezkontzak eta sexu-jazarpenak dira. 15 miloi neskato inguru ezkontzera behartzen dituzte, garapen-bidean dauden herrialdeetan 18 urtera heltzen ez diren neskatoen % 30; seme-alabak izaten dituzte haietako askok oraindik nerabe direnean. Halaber, munduan gertatzen diren sexu-jazarpenen % 50 16 urte baino gutxiago duten neskatoek jasaten dituzte.

Errealitate horren aurrean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2011n adostu zuen Urriaren 11 Neskatoen Eguna izendatzea. Arestian aipatutako egoerei aurre egitea izan zen erabakiaren helburua, eta neskato eta nerabe horiek etorkizunean izan dezaketen potentziala ikusaraztea.

Horren harira, bai NBEk bai zenbait GKEk hainbat egitasmo abian jarri dituzte: alde batetik, adin txikikoen ezkontzak debekatzeari begira zenbait herrialderekin legeak adostea; beste aldetik, eta guztien iritziz erabakigarria izango dena, neskatoen hezkuntza eta prestakuntza bermatzea. 2011tik aurrera neskatoen hezkuntza bermatzeko mundu-mailako ituna abian jarri zen eta hainbat erakunde lanean hasi ziren.

UNESCOk berak esaten du hezkuntza izango dela neskato horien bizitzetan eraldaketa sozial eta ekonomikoa ekarriko duen eragile garrantzitsuena. Pobreziatik ateratzen edo haurren hilkortasun-tasa jaisten laguntzeaz gain, bizi diren gizarte edota komunitatearen garapena eta etorkizuna hobetuko dituzte.

Egilea: Idoia Pérez

Idoia_Perez

Loading