Haurren eta helduen arteko elkarrizketetan hitz-hartze ugariagoak dituzten seme-alabek hizkuntza-gaitasun maila garatuago dutela frogatu dute Harvard-eko Unibertsitateko, Massachusetts Institute of Technology-ko (MIT) eta Pennsylvania-ko Unibertsitateko ikertzaileek, R. Romeo eta kideek egindako ikerketan.
Guztira, maila sozioekonomiko desberdineko 4 eta 6 urte bitarteko 36 haurren eta gurasoen arteko interakzioen grabaketak izan dituzte aztergai. Bildutako datuek iradokitzen dutenaren arabera, haurrek izandako elkarrizketa-esperientziek hizkuntzaren prozesatze neuralean positiboki eragiten dute.
Izan ere, lagina osatzen duten haurrengan antzeman da zenbat eta gehiagotan esku hartu helduekin izandako elkarrizketetan, orduan eta aktibazio-maila altuagoa eragiten duela horrek Broca-ren garun-arean. Horrenbestez, haur bakoitzaren baldintza sozioekonomikoaz edo haurrek entzundako hitz kopuruak izan dezakeen eraginaz harago, haurren hizkuntza-esposizioaren eta hizkuntza-trebeziaren arteko lotura estua identifikatu da.
Artikuluan biltzen denaren arabera, haurren hizkuntza-garapenerako lagungarriak dira hizkuntza bera erabiltzea eta solasean aritu bitartean helduengandik jasotzen duten feedback-a. Horrenbestez, ikerketan ondorioztatzen denarekin bat, gurasoen eta haurren arteko elkarrekintzak interaktiboa izan behar du. Esku-hartze goiztiarreko programa ugarik helduek haurrekin erabilitako lengoaiaren kalitatean arreta jartzen badute ere, gakoa interakzioan dagoela adierazi dute ikertzaileek.
Laburbilduz, elkarlanean egindako lan horretan adierazitakoaren arabera, haurrek hizkuntza-gaitasuna eskuratzeko ezinbestekoa da, besteak beste, elkarrekintza soziala. Horrenbestez, haurrek helduengandik jasotzen dituzten hizkuntza erabiltzeko aukerek eta feedback-ak garrantzi nabarmena dute prozesu horretan.
Egilea: Maite Santiago