2008ko Sanferminak ziren José Diego Yllanes iruindarrak Nagore Laffage hil zuenean ezetz esan ziolako. Ordutik hona, Asunen borroka emakume guztien askatasunaren sinbolo bihurtu da. Asunek lan nekaezina egiten jarraitzen du biktimarik egongo ez den gizarte hobearen alde, neska eta gazte guztiek askatasunez aukeratzeko eta hartzen dituzten erabakiak errespetatzeko daukaten eskubidearen alde. Borroka eta kemen horri aitortza egiten jarraitzeko asmoz, “Asun Casasola Ipuin Lehiaketa”ren edizio berria martxan da, “Nik sinisten zaitut” lelopean.
Iniziatiba horren laugarren edizioa da, Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak antolatu du, eta, Casasolaren lana goraipatzeaz gain, Nagore Laffageren memoria bizirik mantentzea du xede. Lehiaketaren ibilbidean 16 urtetik gorako pertsonek idatzitako 700 ipuin labur batu dituzte.
IV. edizioan Ipuinek “Nik sinisten zaitut” izango dute abiapuntua. “Manada”rena bezalako kasuek bultzatuta, 2018a inflexio-puntua izan da indarkeria matxistaren aurkako borrokari dagokionez. Argi geratu zen hori aurtengo martxoaren 8ko protestetan, jendarteak, nazkatuta, bere egin baitzuen “nik sinisten zaitut” leloa.
Aurtengo lehiaketan lau kategoria egongo dira: bi 10 urtetik 16ra euskaraz eta gaztelaniaz; eta beste bi 16 urtetik aurrera, horiek ere euskaraz eta gaztelaniaz. Lanak aurkezteko epea otsailaren 9an bukatuko da, eta emailez zein posta arruntez bidal daitezke. Hemen aurkituko duzue argibide gehiago.
Lau lan sarituko dira guztira, kategoria bakoitzeko bat. Gazteen kategoriako irabazleak 100 euro eta liburuak jasoko ditu. Liburu-sortek 50 euro inguruko balioa dute eta antolakuntzak aukeratutako liburuak izango dira: mezu feminista duten obrak edota egile emakumea dutenak izango dira guztiak.
Egilea: Karmele Urrutia