Baddeley-k (1986) aipatzen duen moduan, Lan Oroimena (LO), beste ataza kognitibo batzuk egiten ditugun bitartean, denboraldi baterako informazioa gordetzeko eta manipulatzeko gaitasuna da. Gaur arte dauzkagun ikerketek adierazten digute LO oso garrantzitsua dela eguneroko ekintzetan. Bestetik, Lanfranchi et al. adituek egindako beste ikerketako sintesian agerian utzi dute ikasteko zailtasunak dauzkaten pertsonek zein adimen-desgaitasuna daukaten pertsonek LOn zailtasunak izan ditzaketela. Hori dela eta, ikerketa horri erreparatu diogu ikasteko zailtasunak zein adimen-desgaitasuna dauzkaten pertsonen kasuan lan oroimena lantzearen eraginkortasuna (berariazkoa edo transferigarria) nolakoa den ezagutzeko asmoz.
Lehendabizi, LO lantzearen eraginkortasunaren ondorioei buruz arituko naiz. Artikuluak argi eta garbi erakusten digu memoria lantzea posiblea dela ikasteko zailtasunak zein adimen-desgaitasuna dauzkaten pertsonekin. Hala ere, testuak aipatzen duen moduan, entrenamenduaren edo ariketen araberakoak izango dira ager daitezkeen desberdintasunak.
Beste aldetik, azterlan gutxik aipatzen dute lan horren egonkortasuna denbora pasatu ahala, eta lan batzuek baino ez dute identifikatzen horien transferigarritasuna. Are gehiago, ondorioztatu da aldagai batzuetan bakarrik agertzen dela eraginkortasuna, eta ez parte-hartzaile guztien kasuan.
Aztertu duten bigarren alderdia, LO lantzeko prozesuei buruzkoa da. Aldez aurretik, esan beharra dago gaur egun dauden ikerketek ez digutela proposatzen eraginkorragoa den eredu bat.
Esate baterako, Pulina eta kideek proposatzen dute ariketak ataza edo eremu bakar batean oinarritzea dela hoberena. Bestetik, Holmes eta kideek adierazten dute eremu anitzetan oinarritzea dela konponbidea. Beste aditu batzuek, ordea, aurreko bi moduak uztartzea eraginkorrena dela argitzen digute. Swanson, Garcia-Madruga eta kideek beste ikuspuntu bat ematen digute: haien iritziz, hobetu beharreko trebetasunak kontuan hartuz, horiek konbinatzea da baliagarriena. Bestetik, Traverso, Re, Costa eta kideen arabera, eskolan lantzen diren estrategiekin batera, memoriaren arloa ere landu beharko da.
Ikusi dezakegunez, askotarikoak dira ikuspuntuak eta teoriak. Tamalez, eraginkortasunari dagokionez, ez dute ondorio argirik ateratzen. Bertan, hainbat adituk azaltzen dute, ikasleek dauzkaten hezkuntza-premien arabera, LO lantzea oso baliagarria dela. Are gehiago, Pulina eta kideek frogatu zuten Down Sindromea zeukaten pertsona batzuentzat, materiala egokituz gero, eraginkorra zela.
Amaitzeko, artikuluan nabarmentzen duten moduan, memoria lantzearen inguruko ikerketak eskas geratzen dira. Hori dela eta, aditu horiek jakinarazten digute gaiari buruzko ikerlana areagotzea ezinbestekoa dela.
Egilea: Patricia Peña Guinea