Zainketa egoera sozial konplexua da, eta beste gizabanako batzuen beharrak asetzera bideratuta dago. Oro har, gertuko lotura duten pertsonek egiten dute zainketa, tradizionalki emakumezkoek. Hainbat ikerketak azaltzen duten moduan, gizonezkoek zainketarekin loturiko zereginak berezkotzat onartzeak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea ahalbidetzen du.
Portrayals of Caring Masculinities in Fiction Film: the Male Caregiver in Still Mine, Intouchables and Nebraska artikuluak ikuspuntu horretatik hiru film aztertzen ditu, eta hiruretan agertzen dira gizon zaintzaileak. Intouchables filmean Driss izeneko gizona aristokrata tetraplegiko bat zaintzeko kontratatzen dute; bestalde, Still filmean Craigek Alzheimerra duen emaztea zaintzen du, eta bientzako etxe bat eraikitzen hasten da. Nebraska filmean, aldiz, David dementzia-jokabideak dituen aitarekin elkartzen da bidaia bat egiteko.
Ikerketaren analisiak hainbat ardatz ditu. Lehen ideiak gizartean ezarririko maskulinitate hegemonikoarekin eta horren aldaketekin du zerikusia. Maskulinitate hegemonikoa, funtsean, kulturalki idealizaturiko izaera bat da, non neurriz gainekoak diren ereduei jarraitzen zaien. Idealizazio horri erreparatuz, gizonezkoek ezaugarri zehatz batzuk biltzen dituzte haien maskulinitatea adierazteko, hala nola adorea, indarra, egonkortasun emozionala, arrazionaltasuna edo haien generoa etengabe frogatzeko beharra. Gauzak horrela, 70eko hamarkadan “gizon berriaren” kontzeptua agertu zen, eta gizonezkoek zainketalanetan gehiago esku hartzea aldarrikatzean datza.
Bigarren ideia zainketa feministaren teoriarekin lotzen da. Horren arabera, zainketa elkarrekikotasunaren kontzeptuaren bidez ulertzen da, hots, bai gizonezkoek bai emakumezkoek dute euren kabuz zaindu ezin duten pertsonak zaintzeko betebeharra.
Ondorio gisa, zainketarekin loturiko maskulinitateak gainerako maskulinitateekin bateragarriak direla ikus daiteke eginiko analisian, baita hegemonikoarekin ere. Umorea, beste pertsonarekiko konplizitatea eta duintasuna berreskuratzea estrategia esanguratsuak dira hiru filmetan ikusten denez. Egoera horrek gizonezkoen pentsamendua zabaltzea dakar, eta, aldi berean, ibilbide berriak sortzen ditu zainketa, generoikuspegitik, ekintza neutral bilakatzeko.
Egilea: Iker Goya