Aurten Zientzia Azoka Bilboko Plaza Barrian egingo da. 32 ikastetxetako DBHko eta Batxilergoko ikasleek ikasturtean zehar burutu dituzten zientzia- eta teknologia-proiektuak erakutsi eta azalduko dituzte. Guztira 90 proiektu aurkeztuko dituzte eta, Euskal Herriko ikasleez gain, Galizia, Katalunia eta Portugaleko ikasleek ere parte hartuko dute.

Azokan 12 eta 18 urte bitarteko ikasleek parte hartzeko aukera izango dute, 2-4 laguneko taldeetan. Bi modalitate daude: ikerketa-proiektua, taldeak erabakitako galdera edo arazo bati erantzuna emateko ikerketa egiteko; edo proiektu teknologikoa, non arazo edo erronka bati konponbidea emateko produktu teknologikoa diseinatu edo egingo den.

Azokara SPOON proiektuko kideak ere bertaratuko dira, ekimen horietan parte hartzen duten irakasleen inpresioak partekatzeko eta beharrak identifikatzeko. SPOON Erasmus+ programako proiektu europarra da, eta Estrasburgoko, Kataluniako, Herbehereetako eta Kroaziako kideek parte hartzen dute Elhuyarren koordinaziopean.

Bestalde, Zientzia Azoka STEMFAIRNET proiektuaren barruan dago, eta haren helburua zientzia-azoken sarea osatzea da, baita azoka horiek aberastu eta konpetentzien garapena edo inklusioa nola bermatu aztertzea ere.

Egilea: Laura Alvarez

LAURA