Oro har, irakasleen inklusioarekiko jarreren inguruko ikerketak Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan oinarritu dira, eta gehienbat mendebaldean egin dira. Hori dela eta, gutxi dakigu Haur Hezkuntzako markoari buruz.
Aurretiazko ikerketek adierazi zutenez, haurren inklusioa sustatzea askoz ohikoagoa da lehenengo hezkuntzako etapa horretan. Gauzak horrela, Lee Yeung, Tracey eta Barker ikertzaileek Haur Hezkuntzan inklusioaren inguruko ikerketa egin zuten 2015ean, Hong Kongeko 400 irakaslerekin.
Hartara, Lee eta kideek Hezkuntza Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasleenganako irakasleen onespena aztertu zuten. Bederatzi HPB aztertu zituzten: adimen-desgaitasuna, mugitzeko desgaitasuna, ikusteko desgaitasuna, entzuteko desgaitasuna, autismoa, TDAH, ikasteko berariazko zailtasunak, hitz egiteko nahiz hizkuntzarekin lotutako zailtasunak, eta adimen-gaitasun handiak. Ikerketaren ondorioak hiru arlotan banatzen dira:
Lehenengoa, ikerketaren abiapuntua haur hezkuntzako irakasleek zer jarrera zuten ezagutzea zen, eta ea jarrera hori HPBen arabera aldatzen zen ala ez jakitea. Galdeketak adierazi zuen moduan, oso nabaria da irakasleen jarrera aldatu egiten dela ikasleen beharren arabera. Izan ere, ikasteko berariazko zailtasunak zituztenenekiko, mintzamenean zein hizkuntzan zailtasunak zituzten umeekiko edo adimen-gaitasun handiak zituzten umeekiko jarrerak nahiko onargarriak ziren. Bestelako beharrak zituzten umeekiko jarrera, ostera, ez zen hain baikorra.
Bigarrena, ikerketak irakasleen jarreraren eta daukaten prestakuntzaren zein esperientziaren artean erlaziorik ote dagoen argitu nahi zuen, baita ikasleen beharren arabera jarrera hori aldatzen ote zen ere. Emaitzen arabera, ez. Ez dago lotura handirik irakasleen prestakuntzaren, esperientziaren eta haiek inklusioarekiko izandako jarreraren artean.
Hirugarrena, irakasleek eta eskolan lan egiten duten bestelako profesionalek jasotako prestakuntzak inklusioarekiko jarreretan duen eragina aztertu nahi izan zuten ikerketan. Datuek diotenez, prestakuntza jaso duten hezkuntzako profesionalek maizago izaten dituzte jarrera inklusiboak. Hartara, ez zuten ezberdintasunik topatu irakasleen eta ikastetxeko beste profesionalen artean.
Ondorio gisa, artikuluan jasotzen den moduan, inklusioa sustatzeko irakasleen ikuspuntu baikorrak eragina positiboa izaten du inguruko pertsonek duten jarreran. Are gehiago, irakasleek inklusioaren aurrean jarrera ezkorrak izanez gero, seguruenik, inklusioak ez du arrakastarik izango. Hori dela eta, irakasleen jarrerak eragin handia du gela inklusiboak sortzeko helburuari heltzeko.
Egilea: Patricia Peña Guinea