Egungo gizarteak dituen erronkei aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da datozen belaunaldietako kideek sormenerako gaitasunak izatea. Sormena prozesu kognitiboa da, zeinaren bitartez ideiak sortu, garatu eta eraldatu daitezkeen ideia horiek baliotsu bihurtzeko. Adibidez, ikasleek eskola-testuinguruan mugimendu-zereginei modu ezberdinetan irtenbidea ematen dietenean, ez dira soilik mugimendu-ideia horiek sortzen ari, baizik eta ideia horietan eragiten dute sormenezko malgutasunaren bitartez. Beraz, sormena lantzea, gizartearen onurarako ez ezik, ikasleen garapen intelektualerako ere garrantzitsua da.

Vygotsky-k proposatutako garapenaren teoria soziokulturalak azpimarratzen duen bezala, jolasak irudimena bultzatzen du aurretiko esperientzien berreraikuntza ahalbidetzen duelako eta gizabanakoak bizipen horiek konbinatuz errealitate berriak sortzen dituelako; beste modu batean esanda, jolasari esker, errealitatearen mugetatik haratago dagoenari buruz pentsatzeko aukera dauka ikasleak.

Horren haritik, eskolek eta irakasleek ikasleen garapen sortzailea babesteko eta suspertzeko beharra daukate. Hala ere, ez dugu ezagutza handirik zeregin horri buruz, hau da, Lehen Hezkuntzako testuinguruetan ikasleek sormenaren irizpideen arabera eta hainbat baliabideren horniduraz baliatuz egin ditzaketen jarduera motei dagokienez ezer gutxi dakigu.

Australiako Charles Darwin Unibertsitatean, Hyndman eta Mahony ikertzaileek CREATE (Creative Recess Engagement during Activities Time Exploratory) izeneko ikerketa aurrera eraman dute, non 279 ikasleren sormenaren garapenak gelatik kanpoko espazioetan egiten duten jarduera fisikoarekin duen erlazioa aztertu duten. Ikerketa horretan, ikasleek mugi zitekeen ekipamenduaz hornitutako eta baliabide tradizionalez hornitutako bi eskolako ikasleen jarduera motak alderatu zituzten, konparaketarako hiru sormen-irizpide erabiliz: mugimenduen aldakuntza (adibidez, ekipamenduaren mugimendu mota ezberdinak kontsideratzea), jakin-minarekin eta ekimenarekin lotutako jarduera fisikoak (adibidez, hainbat aukeratako jarduerak edo pentsamendu-prozesu alternatiboak) eta erantzunak aurkitu eta ideiak proposatzeko besteekin elkarrekintzan aritzea (adibidez, jarduerak egiteko beste ikasleekin lankidetzan aritzea). Ikasleen jarduerak hezkuntzako bost profesionalek ikuskatu zituzten, batez beste 20 urteko esperientzia zuten pertsonek, bideo-grabaketetan jasotako informazioaren azterketa kualitatiboaren bitartez. Ikasleen aldetik jarduera berdintsuak aztertu ziren bi testuinguruetan, baina ohiko ekipamendua zuen eskolaren kasuan mugei behatu zitzaien, eta ikasleek espazio ezberdinetara joateko, ideiak garatzeko, abenturazko jolasak egiteko, ekipamendua espazio handiagoetara zabaltzeko eta egiturak manipulatu eta diseinatzeko prestutasun txikiagoa azaldu zuten.

Beraz, ikasleak pentsalari eta sortzaile bihur daitezen, hezitzaileek sormenerako aukera potentzialak eskaini behar dizkiete ikasleei, eta, dirudienez, aukera horiek eskolako ekipamenduaren izaerak baldintzatu ditzake, kontutan hartu beharreko neurri batean, behintzat.

Egilea: Alaitz Aizpurua

PHOTO-2019-03-31-22-44-21